Putetxe ilunetatik Unescoren argitara

Buenos Aires, 1880ko hamarkada. Tango izeneko dantza eta musika estiloa sortu zen auzunerik xeheenetan. Tangoak habanerarekin partekatzen du genealogia, baina Río de la Platako ibaiertzeko ukitu berezia du. Garai hartan, habanerak, polkak, mazurkak eta valsen bat entzuten eta dantzatzen zituzten hiriko biztanle zuriek; beltzek (biztanleen %25), aldiz, nahiago zuten perkusioak markatutako “candombe”a. 1870ean bi milioi biztanle zituen Argentinak eta 25 urtetan biztanleria bikoiztu egin zen. XIX. mendea amaitu baino lehen Buenos Aires hiriburuak bi milioi biztanle zituen, horietatik %50 lehen belaunaldiko etorkinak. Giro hartan, erritmo berriak iturri askotatik edan zuen, mundu guztitik etorritako aireak arnastu zituen eta Buenos Aireseko taberna zulo ilunen eta putetxeen ukitua eman zien.

Doinu berria dantzatzeko araurik ez zegoen. Ez araurik eta ez muga moralik, giro haietan emakume bakarrak prostitutak zirelako. Hala, probokazioa, gertutasuna eta sentsualitatea nagusitu ziren dantza berrian. Abestien hitzak ere bat zetozen dantza lizunarekin. Horra lehen tangoen izenburu argigarri batzuk: Dos sin sacarla, Qué polvo con tanto viento, Con qué tropieza que no entra, Siete pulgadas...

Buenos Airesko gazte aberatsak ez zuten erreparorik auzune xeheetara jaitsi eta doinu berriaz gozatzeko. Baina, noski, tangoa ezin zuten beren etxeetan entzun edo giro bereko andereñoekin dantzatu.

Buenos Airesen ez, baina Parisen bai. Gazte argentinarrek Europara eraman zuten tangoa. Beste hainbat lekutan onartezina zena gustura hartu zuten XX. mende hasierako Pariseko saloi irekietan, Montparnasseko Ba Bulierren edo Renoirrek margotutako Moulin de la Galletten. Parisen gertatzen zen guztia chic zen Europako gainerako herrialdeetan eta, hala, modaren hiriburutik kontinente osora zabaldu zen tangoa. Gerra aurreko modako dantza izan zen. Pio X.ak debekatu egin zuen eta Kaiserrak bere ofizialei tangoa dantzatzea galarazi zien. Baina berandu zen; arrakasta lortua zuen ordurako.

Egun tangoa heldua da, eta gorabehera eta polemika guztien gainetik dago. Unescok gizon-emakume guztion ondare izendatu berri du, “kultura aniztasuna eta elkarrizketa sustatzen dituelako”. Hori gutxi balitz, Frankfurteko Unibertsitateko Cyntia Quirogak burututako ikerketa baten arabera, estresa gutxitzen du kortisola murrizten duelako eta, testosterona areagotzen duenez, kitzikagarri sexual naturala da.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude