argia.eus
INPRIMATU
Kontziliazio maltzurra
2010ko urtarrilaren 10
Lan munduko berdintasunaz aritzean, ezinbestekoa da kontziliazioaz hitz egitea. Lan hau osatzeko solaskide izan ditugunek ez dute zalantzan jartzen kontziliazio neurriak beharrezkoak direnik, baina Emakundeko Maria Silvestrek eta Metro Bilbaoko Rosa Fernándezek hitz berdinak aukeratu dituzte gai honen inguruan jardutean: “Kontziliazio neurriak ondorio maltzurrak izaten ari dira emakumeentzat”. Neurri horiek emakumezkoek eskatzen dituzte gehienetan eta beren promozio aukerak eta ordainsariak murriztea izaten da ondorio nagusia.

Ipar Kutxan berdintasunaren aldeko lehen neurrietako bat, hain zuzen, kontziliazioaren ildoa da. Baina bankuaren ordutegiak neurrion ondorio ezkorrak apaltzen ditu. Metro Bilbaoren kasua eredugarria da kontziliazioari dagokionez: 50 langilek hartu dituzte neurri horiek eta horietatik 13 gizonezkoak dira. Paritatetik urrun egon arren, %26ko portzentajea batez-bestekoaren oso gainetik dago. Gainera, “13 gizonezko horien egoera erabat normalizatu egin da lankideen artean”, dio Fernándezek, “hasieran pentsaezina zen gizonezkoek kontziliazio neurriak eskatzea”. Horrez gain, Metro Bilbaon lanaldi murriztua duten emakumeek karguan gora egitea lortu dute.

Baina kasu horiek salbuespenak baino ez dira oraindik. Maria Silvestreren aburuz, “kontziliazioa beharrezkoa da, hiritarren eskaera erreala da, baina gizonezkoek ere barneratu behar dute, hau da, korrespontsabilitatearen alorra landu behar dugu”. Eta kontziliazioa gizonek ere bere egitea ez da nahikoa: “Gizonezkoez gain, enpresek, esparru politikoak eta gizarte guztiak barneratu behar du”. Eta emakumezkoek ere badute erantzukizunik: “Delegatzen jakin behar dugu”. Baina horrek guztiak, neurri zehatzak baino gehiago behar du, aldaketa kultural sakona eskatzen du, denboraren erabilera arrazionalizatzeko eztabaida zabaltzea, esaterako. “Egitura eta eredu asko hautsi behar dira” dio Silvestrek, eta Emakundeko zuzendariak badaki oso konplexua izango dela.