argia.eus
INPRIMATU
Erdibideak alboratuta, indarrez eta detailez erditutakoa
  • Des-Kontrol ::Aurrera begira

    Baga Biga

    iraupena ::37'18''

    prezioa ::12.50€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2010ko urtarrilaren 10
Arrasateko street-punk taldeak ibilbide naturalari ekin dio lau katuk beraien kontra hasitako kanpaina bidegabea geldiarazi ostean; eta orain arteko disko irekiena egin dute: ohiko punk-rock eta Oi!aren arteko mugan daude hainbat pieza melodiko dira marka, baina badira ia hardcorearen abiadura eta punkaren ezinegona transmititzen duten piezak ere (That’s my crime, Skunx, Eromena, Sasikume ugari…); baita, abestia garatu ahala, punk-rock melodikotik ska dotorean bilakatutako hit!-a (Sortu edo hil) eta teklatuak eta giro akustikoa hartzen dituen Burua hotz eta bihotza bero ere. Eskaintzaren aniztasunak eta kantu batetik bestera dagoen muturreko jauziak entzule batzuk harrituko ditu, baina apustua txalogarria da, erdibidean ibili arren, egindakoa taxuz eta gogoz egin dute-eta.

www.des-kontrol.com

Sasikume ugari, That’s my crime, Ordain dezatela… Politikoki gehiago posizionatu eta hitzak zuzenagoak dira. Amorratuta jarraitzen duzue?


Beti egon gara posizionatuta, baina hitz zuzenagoak irten zaizkigu, bai. Haserrea joaten hasi zaigu, baina hitz hauek idazterakoan jasandako salaketa ustelekin erreta geunden, eta hori nabaria da.

Lan honetan mota askotako kantak batu dituzue, taldearen alderdi asko erakutsiz. Ez da izango gogorregia batzuentzat eta bigunegia besteentzat?


Bai, baliteke. Abestiak egiterakoan ez dugu inongo mugarik jarri nahi izan. Kanta batek tronpeta eskatzen bazuen edo gaita, ba aurrera! Nolabait armairutik irten garela esan daiteke. Seguruenik askok beste Duintasunez eutsi bat nahi zuten, baina guk ez. Dena dela, taldearen ibilbidea ezagututa, ez daude bi disko berdin, beti dago aldaketa.

Izan zinetelako gara. Zer pentsatuko dute Puñetazo, Zakarrak eta Iskanbilako kideek gaur egun punk-Oi!ak daukan arrakasta ikusita? Zer galdu eta zer irabazi du?


Horiek aitzindariak izan ziren eta gaur egungo fruituak beraienak ere badira, harro egoteko moduan daude. Des-Kontrolekook ez genuen sasoi hura bizi, baina aipatutako taldeekin hartu-eman handia izan dugu eta hortik zertxobait ikasi dugu. Zoritxarrez, gaur egungo taldeek bakarrik musika jaso dute. Horregatik, batzuetan gaizki ulertu eta tontakeriak egoten dira, punk-Oi! mobidatik kanpo egon beharko zirenak. Azken finean, bizitzeko modu bat da, espiritu bat, konpromisoa... Gu ez gaude beste inoren gainetik, baina jasotakoa transmititzen saiatzen gara.

Burua hotz eta bihotza bero. Zahartu egin zarete? Zer eman eta zer kendu dizue taldearekin bizi izandakoak?


Eman, asko, taldeak daukan oihartzuna eta jendearen berotasuna, batez ere; bestalde, konformismoan jausteko arriskuari aurre egin behar zaio.