Joxemari Ostolaza
Pasa ederra, belodromoan igarotakoa. Hendaiako Topo geltokia animaturik geneukan bostak aldean, Lapurdiko zenbait lagun, familia, bertaratuak Anoeta geltoki. Bertsolari Txapelketako finalerdi berria zirudien sartzeko ilarak. Antolakuntzak ere antza hura hartuta zuen, eskuorri banatzaileek kolore beretsua ekarri zidaten gogora. Baina hartan kanpoaldean zeuden batzuk, oraingoan antolatzaile lanetan ziharduten loock berdintsuaz. Errealeko ondarrutarra, Añorgako pelotaria. Ekitaldiak une gogoangarriak izan zituen, BECeko bertsolariak animatzaile, pantaila erraldoia espektakuloaren salatzaile. Ez dakit belodromoko aldagelak gauza diren kirolarien izerdiak berdintzeko, zeren arraunlariak ohituta badauzkate ere dutxa hotzetan, beste gainerakoenak xukatzen nahiko lan. Ofizialtasuna lortze bidean ez da makala izan kirolariek erakutsitako fundamentua, kalefazioaz izerditzen diren nik ezagutzen ditudan bulegari federatiboek agertu ez dutena. Oreka TXkoek emandako bukaerak harritu ninduen gehien bat, ez egindako jokaldiagatik antolatutako sorkuntzagatik baino. Errekurtso erabilera bikaina, musika lanabes herrikoia nola bilakatu erakutsi ziguna, lanaren hotsa ekarri ziguna bere ederrean.