Txinboa (Sylvia atricapilla) txori-espeziea Alemanian eta Austrian ugaltzen da eta negu aldean Espainiara eta Portugalera emigratzen du. Edo zuen. Aditza bi eratan jartzearen arrazoia da azken hamarkadetan gero eta txinbo gehiagok jotzen dutela Erresuma Batura. Antza, migrazio-ohituren aldaketa horren jatorrian gizakiaren eskua dago. Erresuma Batuko parkeetan ohitura omen da txinboei jaten ematea eta horrek aldaketak eragin ditu txori horien portaeran eta fisonomian, migrazio-distantzia txikiagoak eta jaki desberdinak dituztelako.
Gainera, Erresuma Batura joaten diren txinboek, nahiz eta gero Alemaniara edo Austriara joan ugaltzera, normalki Erresuma Batura migratzen duen beste txinbo espezie bateko kideekin sexu-harremanak dituzte, eta horrek genotipoan eraginik izan ez badu ere, fenotipoan aldaketa nabariak gertatzen ari dira. Alegia, geneak ez dira aldatzen, baina animalien kanpo-ezaugarriak bai.