Japoniaren bi aurpegiak

  • Japoniak bidaiari askori sortzen dien lilurak badu aurpegi bat baino gehiago. Batetik, Tokio hiriburuak herrialdearen bertsiorik modernoena erakusten du: toki guztietan neonezko argiak eta manga komikietatik ateratakoak diruditen pertsonaiak. Bestetik, Kioto hiriak aurpegirik tradizionalena erakusten die bidaiariei: tenplu dotoreak, zen lorategi lasaiak eta geisha misteriotsuak.

2009ko abenduaren 27an
Tokio inperioko hiriburu bilakatu zen 1869. urtean, Kiotoren ordez. Gaur egungo Tokiok behin eta berriz harritzen gaitu, bertan denbora luzea igaro arren. Antzinako auzorik eta iraganeko monumentu handirik ez duen arren, erraz ordezkatzen du gabezia hori, paregabeko xarmaren bidez.

Bisitari ekiteko tokirik egokiena Akihabara auzoa izango da seguruenik, askok Akiba izenez ezagutzen dutena. Tokioko gunerik garrantzitsuena da manga eta animea atsegin dituztenenentzat, bai eta elektronikarekin eta teknologiarekin zerikusia duen edozer bilatzen dutenentzat ere. Gaur egungo Akihabarak Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan du jatorria. Garai hartan, merkatu beltz garrantzitsua garatu zen ingurune horretan: trenbide azpiko postu andanatan, irratiak, xurgagailuak eta kontrabandoko era guztietako gailu elektronikoak saltzen zituzten. Teknologia garatzen joan ahala, gune hura ere zabalduz joan zen, harik eta Hiri Elektroniko esaten ziotena bilakatu arte. Manga eta otakuen azpimundua 90eko hamarkadaren erdi aldera iritsi zen hara, ordenagailu-jokoen eta kontsolen unibertsoa garatzean. Gaur egun, leku berean daude manga eta elektronika, eta Akihabara otaku delakoen paradisu bilakatu da. Bertako maid café kafetegietako batera joatea bizi beharreko esperientzia da; zerbitzariak anime-pertsonaiaz edo neskamez mozorrotuta egoten dira.

Handik ez oso urruti, hiriaren iparraldean, Ueno eta Asakusa auzoak daude. Auzo horiek Edo zaharraren xarmari eusten jakin dute, eta horiexek dira hiriko gainerako guneak betetzen dituzten etxe orratzen, zirkulazioaren eta neonezko argien antidoto perfektua. Uenoko parkea berdegune ezin hobea da ibiltzeko, eta han daude Tokioko museo onenetako batzuk; esate baterako, Museo Nazionala. Tokiotarren txoko gustukoenetakoa da udaberrian hanami delakoa ospatzeko; hau da, loretan diren gereziondoak beha egoteko. Parkearen iparraldean Yanaka auzo tradizionala dago, toki ezin hobea labirinto itxurako kalezuloetan galtzeko eta dozenaka tenplu txiki aurkitzeko.

Handik ez oso urruti, Asakusta dago. Urrun dira Tokioko denbora-pasarako gune nagusia izan zeneko garaiak, baina oraindik ere auzorik ezagunenetako bat da bisitarientzat, bai Kannon bodhisattvaren –Budaren jarraitzaile– omenezko Senso-ji tenplu ezagunarengatik, bai antzinako Japoniaren izpirituari eusten dieten kalezulo zaharrengatik.

Hiriko beste parke ezagunetako bat Yoyogi da. Handienetako bat da, asteburuetan bereziki bizia eta jendetsua. Leku zoragarria da hiriko zalapartaz atseden hartzeko, kirola egiteko eta jendeari begiratzeko. Tokioko tenplu sintoista nagusia ere han dago: Meiji Jingu saindutegia. Harajuku auzoa, Yoyogi parkearen ekialdean, pasieran ibiltzeko tokirik atseginenetako bat da, eta askorentzat huraxe da hiriko lekurik gustukoenetakoa. Bisitari ekiteko abiapunturik onena Yamanote konpainiako geltokia da. Haren eskuineko aldean, Jingu-bashi zubia dago. Igandeetan, zubi horretan elkartzen dira Harajuku neskatxak, cosplay delako jolasean –mozorroen jolasa– aritzeko, era askotako jantziak soinean dituztela. Jantzi gotikoak izaten dira nagusi, kolore beltzekoak, eta neskak makillajez hondo hornituta joaten dira. Beste batzuk, berriz, animeetako marrazkien antzera janzten dira; Alizia herrialde miresgarrian ipuinetik ateratakoak ematen du zenbaitek.

Shibuya auzoa, argi-eztanda

Bai Akihabara eta bai Harajuku ere Japoniako gizarte modernoenaren ispilu diren arren, Japoniako hiriburuko garai berriak islatzen dituen auzorik bada, Shibuya da auzo hori. Shibuya gauez bisitatzea gomendatzen dugu, eraikin guztiak estaltzen dituzten argiak piztuta daudenean, kolorez osatutako unibertsoa sortzen dutela. Orduan, milaka pertsona irteten dira kalera, eta hiriko tokirik zaratatsuenetako eta koloretsuenetako bat bihurtzen da. Tokioko beste hainbat lekutan gertatzen den bezalaxe, Shibuya bera da Shibuyako ikuskizun nagusia. Auzoa ezagutzeko modurik onena kaleetan norabide jakinik gabe ibiltzea da, bidean auzoak eskaintzen duen guztia aurkituz.

Shibuyaren ekialdeko Roppongi auzoak du japoniar itxurarik gutxien. Hamaikatxo atzerritar bizi dira eta ari dira lanean, eta gaueko giroak ez du Europako hiri nagusien batere inbidiarik. Kalitate handiko zenbait museo ikustera joateko aukera emateaz gain, han daude Tokioko ikuskizun nagusietako bi: Roppongi Hills –Mori Arte Museoa eta hiriko behatoki ikusgarrienetako bat dituena– eta Tokioko Dorrea. Leku aparta da Tokiok eskaintzen dituen plazerak dastatzeko: aniztasun gastronomiko handia, diseinuko tabernak eta goizaldera arte zabalik dauden diskotekak. Gaua amaitzeko modurik onena Tsukijiko arrain-merkatura hurbiltzea da, goizeko bostetako hegaluzearen enkante bizia ikusteko, eta gero, amaitzeko, merkatuaren inguruko jatetxeetako batean sushia jatea, gosaltzeko.

Askorentzat, Shinkuku auzoak Tokiok duen guztia du: neonezko argiak, zerurainoko etxe orratzak, munduko geltokirik jendetsuena, milaka pertsona nonahi hara eta hona, auzo gorri bat, erostetxe handiak, konta ezin ahala jatetxe... baina batez ere, Tokion baino aurki ezin litekeen bizitasuna. Horrez gain, hiriko etxe orratzik handienak ere Shinjukun daude. Beharbada, Park Hyatt Hoteleko 52. solairuko New York Bar jatetxera igotzea izango da hiriari adio esateko modurik onena. Jatetxe horrek hamaika bisita jasotzen ditu Lost in Translation pelikula filmatu zutenetik, eta toki ezin aproposagoa da gaua Tokiora nola iristen den miresteko, eta zeruan milaka argi gorri agertzen ikusteko, luzaroan ahantzi ezinezko kolorezko sinfonia sortzen dutela.

Kioto, antzinako hiriburua

Japoniaren aurpegirik tradizionalena ezagutzeko hiri aproposik baldin bada, Kioto da hiri hori, inperioko hiriburu ohia. Hala ere, hiriarekin topo egitea erdiragarria gerta daiteke. Tren geltoki futuristatik irten bezain pronto, bidaiariak hormigoizko hainbat eraikin grisez inguratuta ikusiko du bere burua, eta eraikinen artean batere polita ez den Kiotoko dorrea nabarmentzen dela ikusiko du. Baina bisitari guztiak txunditzen dituen Kioto pixka bat harago dago, hainbat elementu ederrekin bisitaria txunditzeko prest. Kioto 794. urtean sortu zuten, eta inperioko hiriburu bihurtu zen, hurbileko Nararen ordez. Mila urtez eta gehiagoz bizi izan ziren enperadoreak bertako luxuzko jauregietan, eta bitartean, ehunka tenplu eta saindutegi eraiki ziren, monjeen bizimodua egin nahi zuten hamaika pertsona hartzeko. Inperioko hiriburua zen aldetik garrantzitsua izan arren, boterea Edon –gaur egungo Tokion– egon zen zenbait mendez. Handik, Shogun direlakoek gobernatu zuten Japonia osoa esku gogorrez, eta enperadoreak txotxongilo hutsak ziren haien eskuetan. Meiji enperadoreak boterea eskuratu zuenean, Shogun-aroa amaitu eta 1869. urtean Kiotok inperioko hiriburu izateari utzi zion, Tokioren mesedetan.

Geishen gotorlekuan

Kiotoren esentzia dastatzen hasteko lekurik onena Pontocho da. Kamo ibaiaren ondoko kalezulo estu hori denbora-pasarako hiriko leku nagusietako bat izan da hainbat mendez. Gaur egun ere, sarri ikusten dira geishak ochaya izeneko te-etxeetara joaten. Kamo ibaiaren bestaldean, Kiotoko auzorik xarmangarri eta zainduenetako batzuk daude. Hurbilekoenak Gion du izena, eta Yasaka-jinja saindutegi atseginaren inguruan dago. Pontochok giro bikaina badu ere, Gion bera da geishen barrutirik ospetsuena Japonia osoan. Gionetik gertu, Higashiyamako zelai berdeek Kioto inguratzen dute ekialdetik, eta zelai horietan daude tenplu eta saindutegi ikusgarrienetako batzuk. Zaila da tenpluen artean baten bat nabarmentzea, dozenaka baitaude, baina bada bat inork ikusi gabe utzi behar ez lukeena: Kiyomizu-dera.

Tenpluak ez daude Higashiyaman soilik, hiri osoan aurkitu daitezke. Kiotoren bestaldean dago argazki gehien egiten zaizkiona: Kinkaku-ji edo Urrezko Pabiloia. Urrezko hostoz estalitako hormek urmael lasaian egiten duten isla egunsentiko ikuskizun ahaztezina da, oraindik bisitari-oldeak tenplura iritsi ez direnean.

Kiotorako bisitaldia amaitzeko toki on bat Fushimi Inari saindutegia da, tren geltokiaren hegoaldean. Arratsalde lainotu batean, Torii-en –saindutegi sintoisten sarrerako ateak– atzeko tunel luzeetan ibil daiteke, paisaia malenkoniatsuan murgilduta, atzerago monjeren bat tipi-tapa oinez doala, isilean. Betiereko Kiotori azken zuku tantak ateratzeko modurik onena, agian.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude