Joxemari Ostolaza
Gaur bihar da. Dagoeneko Madrilen ditugu. Astelehena dut eta honek argia ikusterako Martxelo, Xabier, Joan Mari, Txema eta Iñaki aulki berotuetan edukiko dituzte edonor marmolatzeko adinako bestela ergelkeriak liratekeen akusazioak entzuten. Eta BECeko aje emozionalaz libre, buruan Maialenen azken agurraren hondar puntua darabilt perkusio. Herria euskaratik eta euskaraz sortzean zetzan Egunkaria erditze hura, tortura eta kartzelaldia ezartzeko motibo izan dena. Espainiak bereziki, bere aurkako erronka kolpetzat jotzen du Maialenek kantatu ebidentzia, euskaldungoan zenbaiten bizi proiektu den hori. Eta nago, sakonki antolatua indartsu eta kementsu daukagun oro dela arriskutsua botere erdaldunentzat. Zerrenda egina dute eta BECekoa ulergaitzegia eta arrotzegia zaie bakean uzteko. ETB2ko erdaldun batek belarria erakutsi du jada bere ezjakinean: lanjerosa du oso bizi ezin duen eztanda emozionala. Sakralizatzen omen dugu bertsoaren emana, proiektu politiko arriskugarri bateko pieza omen. ETAko norbaiten zakuan publikatu bertso bat aski lukete BECeko zortziak aurretik eramateko, laguntzaileak eta guzti. Ez da paranoia, galdetu bestela Andoainen.