argia.eus
INPRIMATU
Eskola zaharreko osagaiekin egindako koktel eder bezain pozoitsua
  • Norman ::Norman

    Gaztelupeko Hotsak

    iraupena ::47´15´´

    prezioa ::12.95€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2009ko abenduaren 27a
Eibartar hauek –ondarrutar bat tartean– txundituta naukate aspaldian. Punk-rocketik abiatuta, bizitasun, freskotasun eta kolore (ilun) berria eman diote Euskal Herrian egiten den rock indartsuari. Ez naiz metalaz ari, ezta Kuraiak labela jarri zion punk-rock edo hard-rockaz; ezta ere, jakina, post-hardcore, pop-rock eta elektronikaz. Eta, ia ziur, ez dira talde komertzial edo jendetsua bilakatuko, batez ere iluntasun eta zoramen puntu nabaria dutelako, baina lortu duten musika estilo koktelerak erakargarritasun asko ditu: punk-rockaren abiadura, post-hardcore bizienaren erritmo aldaketak, psikodeliaren uhinak, hardcorearen garraztasuna, pop-aren itsaskortasuna, euskaraz idatzitako hitz borobilduak eta jotzen zeharo disfrutatzen duten musikari apal bezain interesgarriak. Zorte on!

www.myspace.com/normanrock
Askok taldeak hizkuntzaren arabera sailkatzen dituzte; muga horiek apurtzea ezinbestekoa da

Kantuak bi txandatan grabatu dituzue. Inspirazio kontua?


Ez (barrez). Hasieran maketa bat egin nahi genuen aurkezpen gisa erabiltzeko, eta egun bakarrean sei kanta grabatu genituen. Ordurako kanta guztiak eginak genituen, baina gainontzekoei hitzak falta zitzaizkien. Gaztelupekoei eraman eta gustatu zitzaien. Orduan abestiak berriro grabatu edo bi lan kaleratzea aztertu genuen, baina azkenean falta zirenak grabatu eta ukitu batzuekin lana osatu dugu.

Zer ikasi duzue Psycho filmeko Norman Batesengandik?


Beñat abeslariak lokalera izen batzuk ekarri zituen eta Norman gustatu zitzaigun sonoritateagatik. Jarraian Beñat filmen gaineko hitzak idazten hasi zen, eta kontua hazten joan da. Ez da aurretik pentsatua izan, eboluzio bat baizik.

Ezohikoa da zuen estiloan euskaraz abestea. Askotan dirudi euskara ez dela baliagarria edozertarako…


Hasieran ez genuen argi. Beste hiruroi musika da gehien inporta zaiguna, baina Beñatek hala nahi zuen. Bada, gaur Norman euskaraz bakarrik irudikatzen dugu eta plazera da hala egitea, gure hizkuntza delako. Ez daukagu aurreiritzirik hizkuntzekiko, baina jende askok horren arabera sailkatu egiten zaitu; eta muga horiek apurtzea ezinbestekoa da. Bestalde, nahiz eta fonetikagatik euskaraz abestea zailagoa dirudien, gustura gaude emaitzarekin.

Estilo koktelera handia daukazue, baina emaitza trinkoa da; eta, gainera, melodia ere nabarmena da. Ez dirudi oreka erraza.


Egia da musika gustutan oso desberdinak garela, baina uste dugu bakoitzaren pertsonalitatea islatuta dagoela kanta guztietan; ez dakigu nola, baina bakoitzak berea jarri eta ondo batzen da. Aldi berean saiatzen gara zerbait freskoa lortzen. Bestalde, nahiz eta beste gauza batzuk lantzen ahalegindu eta emaitza iluna edo erasokorra izan, guretzat ezinbestekoa da abestiek melodia onak izatea entzuleak harrapatzeko.