argia.eus
INPRIMATU
Nola eutsi gizatasunari, putakumez inguratuta zaudenean?
Jon Torner Zabala @jtorner 2009ko abenduaren 22a
Frau Tovarich. La Camarada
Jun Matsuura (La Cúpula, 2009)
138 orrialde, zuri-beltzean
12 euro


FRAU TOVARICH manga komikia dela irakurri dugu Público egunkariaren erreseinan. Jun Matsuuraren (Bartzelona, 1980) aita Japoniarra da eta irakurleak, agian, sumatuko du herrialde hartako komikien eraginik. Egile kataluniarraren estreinako nobela grafikoan, ordea, marrazteko estilo europarra gailentzen da. II. Mundu Gerraren krudelkeria erakusten du liburuak. Joannes Matthäus da protagonista nagusia, Estoniako mugan errusiarren kontra borroka egiten ari den soldadu alemaniarra. Gerra bera eta bertan parte hartzeko arrazoiak ezbaian jartzen dituzte Matthäus frankotiratzaileak eta haren bataloiko kideek. Mundu anker batean harrapatuta, gizatasun apur bati eusteko etsaiari laguntzea beste aukerarik ez dute. Emakumezko soldadu errusiar –ruski– bat harrapatu dute, eta hura salbu mantentzea edozein misioren gainetik dago.

Ez da erraza izango, “leku guztietan baitaude putakumeak”. Ruskia SS-en hatzaparretan erortzea arriskutsua litzateke oso, baina ez traidore eta desertoreak gogor zigortzen dituzten komisario politiko errusiarrek aurkitzea baino larriagoa. Garaiko kronika eta estatistikek diotenez, fronte errusiarrean isuri zen odol gehien. Basakeria hori nahikoa ongi islatzen du Matsuurak, ukitu manga bat aitor diezaiekegun biolentzia eszenetan bereziki. Tiroketen irudiak ikusgarriak dira zenbaitetan. Ez, ordea, pertsonaien marrazki fisiko zein psikologikoak. Matsuuraren arkatzak ez du lortu pertsonaiak guztiz definitzea. Aurpegien trazo eta keinuei dramatismo apur bat falta zaie, baita pertsonaien deshumanizazioa erakutsi nahi duten barne istorioei ere. Narrazioa baldintzatu egiten du horrek, baina bizpahiru pasarte ikusgarrik eta amaiera aldeko ezusteek irakurlea harrapatzea lortzen dute.