Xabier Letek Egunsentiaren esku izoztuak liburuko poemekin eginiko hainbat errezitaldi bildu dituzte Neguan izan zen DVDan. Iazko abendutik otsailera bitartean Iruñean, Donostian, Bilbon eta Izpuran egin ziren emanaldietako irudiak ikus daitezke; autorearen 22 poema guztira. Pamielak kaleratu du lana, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.
Augustin Zubikarai idazle, euskaltzale, kazetari eta sustatzailearen biografia idatzi du Ana Urkizak Augustin Zubikarai. Herri euskararen zaindaria lanean (Elkar). Liburua dibulgatiboa dela eta haren obretan sakondu baino, haren berri ematea helburu duela adierazi du autoreak. Zubikarairen kronologian, bi zati bereizi ditu Urkizak: 1936ko gerra aurrea eta ondorena, gerrak eta gerra-osteko diktadurak eragin handia izan baitzuten Zubikarairengan.
Aitor Arana legazpiarrak laugarrenez irabazi du SM Fundazioak urtero ematen duen Baporea Literatur Saria, Vampiria eleberriarekin. Epaimahaiaren arabera “topikoetara jo gabe” idatzi du Aranak banpiroen nobela hau. Ikasmina argitaletxeak kaleratuko du lana.