argia.eus
INPRIMATU
Xabier Saldias
“Ez daukat sekreturik”
  • Gauari esker bizi da baina egunez bizitzea gustatzen zaio.
Sustrai Colina 2021eko ekainaren 30
Xabier Saldias
Xabier SaldiasDani Blanco

Azpeitiarra gora azpeitiarra behera, zer da azpeitiartasuna?


Azpeitiarrak bost badauzka patrikan, bitan pentsatu gabe hamarrekoa erosiko du. Azkoitiarrak, aldiz, nahiago izango du hirukoa erosi eta bi gorde. San Inazio alu horrek zerbait erantsi zigun nonbait!

Zezenzaletasuna.


Aurten izan naiz lehenengo aldiz nire bizitzan eta hura pailazokeria! Nire baloreak hobeto ezkontzen dira azkoitiarrekin azpeitiarrekin baino.

Non zeunden lotsa partitu zen egunean?


Egin behar dudana menperatzen badut ez daukat ezertarako lotsarik. Ez daukat sekreturik. Niri pasatzen zaidana normaltzat hartzen dut eta beste edozeini pasatzeko modukoa iruditzen zait.


Bitik bat, asko ikusia zara edo zure burua gehiegitxo maite duzu!


40 urte plazaz plaza ibili eta gero zer nahi duzu ba? Sexualki ere batzuentzat narraskeria izan litekeena normal-normala iruditzen zait honezkero.


40 urte?! Zenbakiek ez dute gezurrik esaten…


Gure hasierako arrakastaren gakoa jendearen ezjakintasuna izan zen. Pentsa, herrietan ere apenas zegoen tokadiskorik, eta badakizu, itsuen lurraldean begibakarra errege. Hori bai, orduan bezala hasi beharko banu gaur, ez nuke kozkorrik jango!

Aizu, zertara dator bat-bateko zintzotasun hori?


Preskribitu ostean errazago aitortzen da dena. Orduan, musika zen neska bati gerritik heldu eta “ingo al deu?” xuxurlatzeko modu bakarra.

Batek baino gehiagok izan omen du Eganeko “gogo”-ei heltzeko gogoa.


Inoiz 40 watteko bonbilla batekin soilik jo izan dugu, baina telebistak argi eta garbi zabaltzen du musika hutsa ez dela aski. Gainera geroz eta jende gutxiagok dauka kanturako belarri ona eta jende hori dantzarekin erakartzen dugu.

Herrietako festak ez dira lehengoak eta…


Gezurra galanta! Orain ere jendea bizi den herrietan plaza beteta edukitzen dugu. Hori bai, bukatu dira jendea hara eta hona mugitzen zen eta lau etxeko auzoetan 5.000 lagun biltzen ziren sasoiak.

Zuk ez al duzu bukatu behar?


Jubilatzeko grina daukat. Autonomook egiten dugunean baizik ez dugu jaten, eta gogoa daukat goizero jaiki eta egunero mesanotxean pentsioak emandako 50 euroak ikusteko. Baina hori orain esaten dizut, orduan kantatzen jarraitu nahiko dut.

Jakina, rockero zaharrak ez direla hiltzen entzungo zenuen eta…


Gazteak ginela 60 urteko agurea bihar hilko zela iruditzen zitzaigun beti, eta nik hemendik bi urtera konplitzen ditut. Atera kontuak!


Lasai, beti geratuko zaizu telebista!


Nire zain daudela uste duzu, ala? PSOE sartu denetik, gainera...