Desadostasuna Busturialdean

  • Urdaibain Guggenheim museo berria egiteko proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri eta sustatutakoa, iritzi kontrajarriak sortzen ari da Busturialdeko alderdi politikoen artean, etorkizuneko egoera ekonomikoa erabakitzeke duen eskualdean.
Urdaibai
UrdaibaiJosu Garate
Urdaibain Guggenheim museo berria egiteko proiektuak, Bizkaiko Foru Aldundiak (EAJren esku) aditzera eman eta sustatutakoak, 100 milioi euroko hasierako kostua izango du eta desadostasun handia eragiten ari da Busturialdeko gizartean. Arrantzaren eta industriaren alorreko krisialdien ondorio latzak jasan dituzte azken urteotan eskualdean, eta etorkizun sozioekonomikoa ikusteko dago. EAJk proiektua aurrera eramateko asmo sendoa du, baina beste talde batzuek bestelako iritzia dute: ezker abertzaleak adierazi du gogor egingo duela proiektuaren aurka, eta Eusko Alkartasunaren jarrera hain gogorra ez den arren, hura ere aurka dago. Bakoitzak egiten duen planteamenduari erreparatuz, Busturialdeko indar politiko abertzale guztiek –bai proiektuaren alde daudenek bai kontra agertu direnek– adierazi dute eskualdearen etorkizun ekonomikoa babestu nahi dutela. Batzuek uste dute museoa eraikitzeak eskualdearen suspertze sozioekonomikoa eragingo duela, eta beste batzuek irizten diote badaudela beste bide batzuk eta beste lehentasun batzuk etorkizun horren alde egiteko.

Bien bitartean, Lopez lehendakariaren Eusko Jaurlaritza berriak aurreratu zuen proiektu hori ez zegoela Jaurlaritzaren lehentasunen artean. Azken aldian, ordea, Jaurlaritzan nolabaiteko aldaketaren bat nabari da –agian aurrekontuei baiezkoa ematearen truke EAJk eskatutakoaren ordainetan– eta proiektua aztertzen ari direla esaten dute. Josune Ariztondo jelkidea, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua, baikor agertu zen Radio Euskadik azaroan egin zion elkarrizketan: “Jakin badakit proiektua aztertzen ari direla, utz diezaiegun azterketa hori soseguz eta lasaitasunez egiten”, adierazi zuen.

EAJren asmoak

Urdaibain museo berria egiteko proiektua lauzpabost urtetan gauzatu daiteke, eta horren alde daude Bizkaiko Foru Aldundia eta EAJ, eskualdean eragin ekonomiko handia izango duela irizten diotelako. Argudiatzen dute museo berria eraikitzeko fasean 3.536 lanpostu sortuko direla eta eragin ekonomikoa 384 milioi eurokoa izango dela. Funtzionatzen hasten denean, berriz, eragin ekonomikoa 85,7 milioi eurokoa izango da eta 926 lanpostu sortzen lagunduko du. Bilboko Guggenheim museoari buruzko datuak erreferentziatzat hartuta –bisitari bakoitzak 240 euro gastatzen omen ditu batez beste– kalkuluak egin dituzte, Urdaibaiko museo berriak urtean 148.000 bisitari inguru izango lituzkeela.

EAJk eta alderdi horren eskuetan dauden turismo erakundeek uste dute proiektu horrekin batera azpiegiturak hobetuko dituztela eta hara iristeko errepide hobeak izango dituztela; horren ondorioz, eskualdera iristea errazagoa izango omen da, eta Bilbotik Urdaibairako bidea 30 minutuan egin ahal izango dela ere aurreratu dute. Halaber, proiektu berri hori lagungarria izan daiteke bisitariek eskualdeko beste errealitate batzuk ezagut ditzaten: Gernikako Batzar Etxea, Gernikako Arbola, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, erromatar garaiko Foruko aztarnategia, Bakearen Museoa, Santimamiñeko haitzuloak, etab.

Museoa eraikitzearen ondorioz zeharka onurak izan ditzaketen herri batzuetako alkateek –Foruko eta Eako alkateek, hain zuzen– proiektuaren alde daudela adierazi dute jada. Eako alkatea alde agertu da Sukarrietan BBK-k dituen koloniak –museo berria eraikiko den tokian daude– Eara eramango lituzketelako eta eskualdeko azpiegiturak hobetuko liratekeelako, Eara iristeko bidea barne. Foruko alkatea ere proiektuaren alde dago, museo berriak erakarriko lukeen turismoa onuragarria izango litzatekeelako herriarentzat; izan ere, Foruan dago erromatarren garaiko Bizkaiko aztarnategi handiena (60.000 metro karratu), Bizkaiko golkoko kostaldean hobekien kontserbatuta dagoena.

Gernikako Udala eta EA ez daude ados


Gernikako Udala, EAko Jose Maria Gorroño alkate duena, ez dago ados museoa eraikitzeko aukeratutako tokiarekin. “Objektiboki jokatuz, Gernikan jarri beharko litzateke, pistolen lantegiko lurretan, hain zuzen ere”, adierazi zuen. Bai Gorroñok bai Eusko Alkartasunak ez diote uko egiten museoa eraikitzeari, baina beste lehentasun batzuk daudela irizten diote; esate baterako, eskualdea lehenbailehen berrindustrializatzea.
Ezker abertzalea: "Busturialdeak badu betse alternatiba bat"
Ezker abertzaleak museo berriaren proiektuaren aurka gogor egingo duela adierazi du, haien aburuz “Busturialdearen etorkizuna ezin baita turismora mugatu, eta are gutxiago proposatzen duten turismo eredura, ez duelako aukera ematen biztanleen garapenerako, ez duelako bizimodu aukerarik ematen prestakuntza maila altuko gure gazteentzat, eta Urdaibaik duen berezko balioa aintzatesten ez duelako”. Busturialdearen etorkizunak “badu alternatiba bat, 1998an aurkeztua (JSEGE-PADAS), instituzioek, gizarte eragileek, sindikatuek eta enpresariek bultzatua. Eusko Jaurlaritzak onartu zuen dekretu bidez, baina gero instituzioek ez zuten inolako interesik azaldu plan horretan adostutako akordioak garatzeko. Eskualdearen garapen sozioekonomiko integrala, orekatua eta iraunkorra bideratzeko plana, hain zuzen”.

Ezker abertzaleko kargudun hautatuek eskualdeko egoera sozioekonomikoa gogora ekarri dute komunikatu luze batean: 10.000 lanpostutik gora galdu dira azken 25 urteotan arrantza, nekazaritza eta industria sektoreetan; 18-29 urteko 7.000 gaztetik gora etorkizunik gabe geratu dira lanposturik sortzen ez delako, eta biztanleria zahartzen ari da. Bien bitartean –salatzen dute– EAJk nekazaritza lurren kalifikazio aldaketa sustatu du, eta bakar batzuek espekulatzea eta etekin galantak ateratzea bideratu du, besteak beste, alderdiak berak erakunde publikoen gobernua eskuetan duela baliatuta.

JSEGE-PADAS planak aurreikusitako jardueren artean daude, besteak beste: basoen kudeaketa, Urdaibaiko natura baliabideen balioa handitzea, ur baliabideen kalitatea eta dibertsifikazioa babestea, energia iturri alternatiboak berritzea, nekazaritza inguruneko bizi kalitatea hobetzea, babes ofizialeko etxebizitzak, komunikazio azpiegiturak hobetzea, bertako nekazaritza produktuen ekoizpena eta salmenta sustatzea, arrantza sektorea indartzea, Bermeoko merkataritza portua bultzatzea, industria garapena eta enpresa jarduera sustatzea, prestakuntza jarduerak sendotzea, eta gure natura eta kultura baliabideetan oinarritutako turismoa sustatzea.
Ezker abertzaleak adierazi du gogor aurre egingo diola “Guggenheim museoak eskualdearen garapen ereduaren aurka dakarren inposizioari”. Garapen iraunkorra “elkarrizketan, herriarekiko elkartasunean, partaidetza aktiboan eta auzolanean egitea” eskatu dute, eta konpromisoa hartu dute borrokari eutsiko diotela “natura baliabideetan, Busturialdeko sektoreen arteko sinergien sustapenean, jardueren dibertsifikazioan eta gazteen gaitasunari eman behar zaion erantzunean oinarritutako garapenaren alde”.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude