Sentimenduen hizkuntza gailendu da

  • Historikoak dira igandeko hiru argazki: Andoni Egañak bi ondorengo, Lujanbio eta Arzallus besarkatu zituenekoa bata. Iparraldeko gazte zorrotz eta xamurra emakume landu beltzarekin lehiatu zenekoa bestea. Eta plazetako errege Joxe Agirrek, plazako jardunak eskatzen zituen lau agurrak botata, txapela jantzi zionekoa, hirugarrena.
Maialen Lujanbio eta Joxe Agirre
Maialen Lujanbio eta Joxe AgirreDani Blanco
Peñagarikano –Anjel Mari– genuen aurrean eserita, eta bertsoaldi bakoitzaren osteko bere aurpegiak esaten zuen dena. Inoizko finalik parekatuena bizi izan genuen, eta bazkalorduan buruz-burukorako bost izen entzun zitezkeen, “ojo, eta ojo” artean, bati eta besteari galdetuz gero.

Emakumeok etxetik “Maialen” besterik esaten ez genuela joan ginela arpa jotzen zigun Peñak, eta arrazoi faltarik ez. Baina objektibotasunera jaitsiz, gizon askok ere Lujanbioren lana nabarmendu zuten goizean zein arratsaldean. Eta Arzallusek txapelak eranzteko saioa egin zuen, bederatzi puntukoak zortziko txikikoak bailiran josiz, eta puntuero esanahiari buelta bat erantsiz. Saioa intentsitatea irabaziz joan zen, buruz-buruko estua ikusi genuen, eta giroaren mozkorraldian, hitzek piztutako suak aseta, egia esan batak zein besteak irabazi kasik berdin zuela sentitu genuen.

Aurten behar zuen

Burua egoskortzen zitzaidan Lujanbioren alde. Andoni Egañak hamasei urtez eramandako lekukoa berari hartzea zegokiola. Irudikatzeko batetik, eta mamitzeko, bestetik. Irudikatzeko gizonezkoen plazan emakumeak eginiko urratsak: Kristina Mardaras gurutzatu nuen saio ostean, eta hitz gutxi behar zuten haren begiek. Berak hasitako bidea gailurrera iritsi zela otu zitzaidan. Lujanbiok txapelketetan Mardarasek hasitako zirkulua itxi berri zuela. Eta gertatu da txapelketako saio bakoitzean emakume bat aritu den urtean. Inflexio puntu bat izango ahal da.

Mamiz ere Lujanbiok urratu du bidea zortzi urteotan. Gazte lotsagabe eta kolpekoa zenak landu egin zuen bere burua eta hezi publikoa, kolore guztietako emozioak sortzeko gai izan zedin bera, eta pertzibitzeko belarriak zabalik izan genitzan guk. 2001ean Himalayan galdutako lagunaren gutuna irakurri zuenean, bakarkakoak lantzeko modu bat ireki zuen. Narrazio batean oinarritua, deskribapenez eta ekintzaz indartua. Horren ondorioz, edo nahi bada kasualitatez, baina garaian bat etorrita, gai erabat irekiak jartzeko joera etorri zen, ia abiapuntua bakarrik emanaz eta gaia bera, gertakizuna, bertsolariaren esku utziz.

Kontatzeaz nekatu dela kontatu zigun Arzallusekin egin genuen elkarrizketa-bazkarian. Bere filtrotik pasatako bertsoak bota nahi zituela, bere bizipen eta sentipenetatik. Kontrastezko saioa izan zen buruz-burukoan bakarka egin zutena: kartzelako vis a viserako biluztea eskatu zien funtzionariaren aurrean hartutako jarrera. Lujanbiok barrutik hitz egin zuen, gogor agertu beharraren azpian sentitzen denaz... Arzallusek amorruari hitzak jartzen asmatu zuen, arrazoiei sentimenduak gehituz. Aldiz, anorexiatik atera berri zen amaz aritu zirenean, elkarrengandik oso hurbil sentitu nituen bi bertsokerak. Arzallusek teknika perfektuz egindako margolanak eskaini zizkigun egun osoan, Lujanbiok ñabardura aberatsak.

Iruditzen zait Lujanbiok hizkuntza berri bat ekarri duela bertsotara. Gai handiak (haurren minbizia) lantzeko hizkuntza koloretsua, arruntean goxoa, adibideetan esanguratsua...

Lau urteotan bertsolarien sinboloa Lujanbio izateak zer ekarriko duen ikusteko dago. Beharbada sentimenduen hizkuntza finduko da, brotxa lodiz idatzitako esaldi populisten ondoan. Beharbada oholtzan egoteko eredu desberdinak jasoko dituzte neskek eta mutilek. Beharbada neurri-errimez harago mundu ikuskera eta norbanakoen estiloa lantzearen garrantziaz jabetuko dira irakasleak. Beharbada gustuko doinuak bilatzearen eta kantakera lantzearen gozamena deskubrituko dute gaztetxoek. Beharbatda...
Festa nagusi
Entzuleria koloretsua eta aktiboa da finala festa egiten duena. Bazkalostean alde ederreko giroa bizi izan genuen (sabelak poztuta edo), bateko olatuak, besteko txaranga, ozen kantatutako Kalera borrokalari hura, bertsolaria bultzaz errepikatutako bukaerak, zirko erromatarra gogora zekarten hanka-kolpeak, txistuak, oihuak... Horretarako ere bagoaz BECera, hori da sofako goxotasunera ekarri ezin den sua, eta noski, zuzenean entzundako bertsoen indarra.

Lujanbiok Belodromoko agurren bota zuen oraingo hau ez dela ez booma, ez aparra –1991ko finalean bestelako analisia egin zuen Bertsozale Elkarteak eta telebista programa etetea erabaki–: urtetan ongi egindako lanaren emaitza baizik. Iñaki Murua lehendakariak azaldu zuen plazetan entzule mordoa dabilela, denera 14.500 baino horiek baino gehiago. Eta Imanol Lazkanok palkotik jendetzari begira aitortzen zuen bertsoak eman dion gauzarik onenetakoa dela herriz herri, jende interesgarriarekin elkarlanean jartzea: “Ez bakarrik zenbat jende bildu den, zer jende baizik”. Lujanbiok zioen entzule bakoitzak bere kuttunak dituen arren, denen bertso onekin gozatu egiten duela, eta estimatu.

Durangoko Kafe Antzokian eta Astigarragako Rezola sagardotegian luzatu zuten askok eguna, gauari orduak kenduz.
Maiarentzat ARGIAren saria
Xabier Letonak eman zion Jon Maiari, hirugarren saria: Jose Luis Zumetak Argiaren 90. urteurrenerako egindako artelanaren serigrafia. Bertsozale Elkarteak hirugarren saria emateko aukera luzatu zion ARGIAri, 90 urteotan bere orrietan bertsoari leku egin izanagatik.
Argiak finala zuzean eman zuen
Finala zuzenean eman genuen Internetez, Bertsoa.com-ek, Info7-k eta Argiak elkarlanean. Goizez Xabier Euzkitze eta Jokin Sorozabal aritu ziren komentarista, Agin Rezolak gidatutako saioan. Eta arratsaldez Unai Agirre eta Jokin Sorozabal. Bertso munduko hainbat protagonista elkarrizketatu genituen, esaterako, 2005eko txapela eman zuen Imanol Lazkano eta aurtengoa emango zuen Joxe Agirre, Xabier Amuriza, bertso eskolen saria eman zuen Patxi Goikolea, doinuen biltzaile Juanito Dorronsoro... Baita palkoan ziren Juan Jose Ibarretxe, Markel Olano, Miren Azkarate... Milaka lagunek jarraitu zuten emankizuna, 27 herrialdetatik.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude