argia.eus
INPRIMATU
Nola eragiten dio hotzak osasunari?
Jabier Agirre 2009ko abenduaren 17a
Aire hotzak eta berokuntza-sistemek lan egitera behartzen dute gure gorputza, etengabeko tenperatura-aldaketa horietara egokitzeko. Klimatologiak eragin handia dauka osasunean. Baita gu jaio aurretik ere. Mediku israeldarren talde batek egindako ikerketaren arabera, neguan jaiotzen diren haurtxoek udan jaiotakoek baino gutxiago pisatzen dute, oro har. Haurdunaldiaren azkeneko hilabeteetan D bitamina gutxiago xurgatzen delako gertatzen omen da hori. Izan ere, eguzki-izpien bidez sintetizatzen da D bitamina.
Urteko sasoi honetan normalak izaten diren tenperatura hotzek ondorengo eraginak ekartzen ditu gure gorputzarentzat:

Zirkulazioa erasan egiten da. Hotz egiten duenean, kapilarrak uzkurtu egiten dira, eta horrek koaguluak sortzea erraztu dezake. Frantzian egindako ikerketa batek iradokitzen duenez, sakoneko zainetako tronbosi eta biriketako enbolia kasuak gehitu egiten dira negu partean. Arrisku hori gutxitzeko sar itzazu eguneroko zure jan-neurrian janari bihotzerako osasungarriak: intxaurrak, oliba-olioa, fruta eta berdurak, arrain urdina…

Infekzioak izateko arrisku handiagoa. Batzuetan gure etxe eta lantokietako gelak ez dira behar bezala aireztatzen, berokuntza-sistemak eragindako giro beroa galtzeko beldurrez. Horrek germen pilaketa handiagoa ekar dezake. Eta horri hotzak berez dakarren defentsen jaitsiera gehitu behar zaio. Hori saihesteko har itzazu C bitamina asko duten elikagaiak (piperrak, zitrikoak…) eta aireztatu ongi etxeko gelak, egunean hamar minutuz.

Larruazal lehor eta gorritua. Tenperatura hotzek eta haizeak gure dermisa lehortzea eragiten dute, eta horrek azaleko gorritasuna eta laztasuna dakar. Azala da gorputzaren lehen babes-hesia, horregatik egoera onean edukitzeak infekzioak gutxituko ditu. Udan baino krema lodiagoak erabili, azala ondo hidratatzeko, hotzarekin kontaktuan dauden aldeetan batez ere: aurpegia eta eskuak. Eta edan ur ugari, barrutik ere behar bezala hidratatzeko.