argia.eus
INPRIMATU
Galdera batzuk desordenatuta
  • I
    Negarrez ari dira
    galdera ikurrak...
    Zergatik ez nau hozten
    neguko elurrak?
    Zer dela eta ez nau
    izutzen beldurrak?
    Zer dela eta ez nau
    mintzen atximurrak?
    Zergatik ez ditut nahi
    ikusi zimurrak?
Amets Arzallus 2009ko abenduaren 17a
II
Negarrak begiratzen
nau begi zeharka...
Nola ez dut entzuten
inor deiadarka?
Zergatik ez zait heltzen
deserritik karta?
Zergatik ez du uzten
hitz bakoitzak marka?
Nola ez zaizkit hasten
begiak dardarka?

III
Estalaktita bihurtzen
ari zaizkit hortzak...
Zergatik ez naiz hasten
harrapatzen hontzak?
Zer dela eta ez nau
txingurritzen lotsak?
Zer dela eta ez nau
sutzen esku hotzak?
Zergatik ez nau hiltzen
kanpaiaren hotsak?

IV
Malkotan ari zaizkit
errekak lehortzen...
Zergatik ez ote naiz
izerdi gogortzen?
Nola ez zaizkit hankak
pausoro agortzen?
Nola ez zait itzala
eskura etortzen?
Zergatik ez ote naiz
egunero sortzen?

V
Eztarriko intxaurrak
haitxulotik txistu...
Zergatik ez dut nire
iraultzan sinistu?
Nola ez dut bihurtzen
harri bat arrisku?
Zergatik ez dut inoiz
poxpolorik pixtu?
Nola ez zaizkit egin
bi besoak kiztu?

VI
Malkooletan beratzen
dauzkat hitz zotinak,
Zergatik ez naiz joaten
zapaltzera minak?
Nolaz ez ditut bildu
hango krabelinak?
Nolaz ez nau erretzen
putzu irakinak?
Zergatik jaten ditut
gerezi urdinak?