argia.eus
INPRIMATU
Festa nagusi
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2009ko abenduaren 20a
Olatua BECen
Olatua BECenDani Blanco
Entzuleria koloretsua eta aktiboa da finala festa egiten duena. Bazkalostean alde ederreko giroa bizi izan genuen (sabelak poztuta edo), bateko olatuak, besteko txaranga, ozen kantatutako Kalera borrokalari hura, bertsolaria bultzaz errepikatutako bukaerak, zirko erromatarra gogora zekarten hanka-kolpeak, txistuak, oihuak... Horretarako ere bagoaz BECera, hori da sofako goxotasunera ekarri ezin den sua, eta noski, zuzenean entzundako bertsoen indarra.

Lujanbiok Belodromoko agurren bota zuen oraingo hau ez dela ez booma, ez aparra –1991ko finalean bestelako analisia egin zuen Bertsozale Elkarteak eta telebista programa etetea erabaki–: urtetan ongi egindako lanaren emaitza baizik. Iñaki Murua lehendakariak azaldu zuen plazetan entzule mordoa dabilela, denera 14.500 baino horiek baino gehiago. Eta Imanol Lazkanok palkotik jendetzari begira aitortzen zuen bertsoak eman dion gauzarik onenetakoa dela herriz herri, jende interesgarriarekin elkarlanean jartzea: “Ez bakarrik zenbat jende bildu den, zer jende baizik”. Lujanbiok zioen entzule bakoitzak bere kuttunak dituen arren, denen bertso onekin gozatu egiten duela, eta estimatu.

Durangoko Kafe Antzokian eta Astigarragako Rezola sagardotegian luzatu zuten askok eguna, gauari orduak kenduz.