Erreleboa

  • Bertsozaleak sortzea eta erakartzea lan xamurra ez den arren, halaxe aitortu zigun Euskal Herriko Bertsozale elkarteko lehendakariak, Iñaki Muruak, bukaerako prentsaurrekoan, 14.500 entzule bildu ziren BEC-en, txapeldun berria eman zuen saioan; “lanetik etorri da emaitza” (Iñaki Murua dixit), alde guztietatik, ezen Maialen Lujanbiok bere-berezko estiloa eraiki du azken urteotan, Amets Arzallusek teknika lantegia sortu du berean, eta Jon Maiaren ahotik entzun legez, oholtzatik kanpoko prestakuntza saiakera ondo burutuak indartu du bera. Horiek lehen hiruak aipatzearren, garaitikoek ere beren firma utzi baitzuten, bertsoka-bertsoka.
Maialen Lujanbio txapeldun
Maialen Lujanbio txapeldunDani Blanco
Egañak ohorez eman zion txapela Lujanbiori eta erreleboa plazetan ikusgai dela aitortu. Hain zuzen ere egungo bertsolaritzaren isla izan zen BECen jasotakoa. Bertso molde ezberdinak, orotariko estiloak, gaiak jorratzeko bide anitzak… Denetik izan genuen. Denetik, baina batez ere bertso asko. Bertso ugari segidan, tarte handirik utzi gabe, euforian, tentsioan… den-denak behar bezala unean-unean aztertzeko eta digeritzeko gaitasunik gabe sentitzen ginelarik, izugarrizko Bectekada.

Izugarrizkoa ez izua sortzen duelako (hau ere Muruari lapurtuko diot) ez bada erakartzeko indarragatik. Eta indarrak era berean ez dielako eragiten subjektu guztiei geratzen gara sentsazioekin, geratzen gara soilik bertsoaldi batzuekin modu selektiboan, den-denak disko gogorrean zizelkatzeko gaitasunik ez du-eta, ez bertsozaleak, ez kazetariak (behar du izan epaileak, “chapeau”). Hala ere, “nork bere faboritoak dituen arren ikaragarria da jendearen disposizioa eta bultzatu nahia” zioen Lujanbiok gauean, eta halaxe da, ezen atzo amaiera bat zein beste onartuko genuen seguruenik.

14.500 entzuleen artean ginen saioa hasi orduko, eta guk ere sentsazioz bete genuen barrua. Puntuek aitortu gisan ikusi genuen Lujanbio, besteen aldean goraxeago erregular. Mendiluzerekin jositako ariketan, hasiera-hasieratik hunkitu gintuen irudi ederrez, aitak aitortu zienean etxaurreko pago azpian gerra zibil garaiko bi gorpu zeudela. Pagoa hilobi bihurtuta, sasiak berun haziz erein eta kolorea eman zioten arbolari euren artean hitz egiteaz gainera elkarren ideiak aberastuta eta aitari berari zuzenean berba eginda. Bertsoaldi oso-osoa nire aburuz.

Zortziko txikian denak tropelean, Iturriaga eta Colina kazetari legez zirrika; umoretsu eta seme akonplejatuaren azaletik itzel Mendiluze Egañarekin, semeari laneko lehen egunean bazkari eta guzti joandako amarekin; edota Maiaren lepotik dingilizka Lujanbio, estu-estu ezkontza bateko goatekean dantzan. Denak ere fresko, umoretsu, zalamero. Gorago edo beherago baina puntuak biltzen, biltzen, biltzen.

Bertsoaldi oso-oso horietako bat berriz ere seiko motzean Egañak giltzurrun bat behar zuela eta Lujanbiok berea eman zionekoa (txapelaren truke?). Sentsibilitatez blaitu orduan, bihotz barrenetik kantatu ostean, to umorea eta ironia fina!

Eta bukatzeko… ale hop! (bost axola guri sinesgaitza zenentz) ileak tente eta oilo-ipurdi azala jarri zitzaigun egia bihurtu zenean une batez “A/amets” kolektiboa; azken eguna zuen kazetari legez eta idaztear dauden albisteetako batzuk aipatu ondoren “Idatz dezadan: muga urtu da, Euskal Herria libro da. Ez da egia baina egia bihurtuko da gerora” jaurti zigun, BEC aulkitik jaikiarazita. Eta malkoak kazetariaren luman bezalaxe hainbat entzuleren begietan.

Sentsazioak bertsozaleek bakarrik ez, bertsolariek ere izan zituzten. Prentsaurrekoan azaldu erara, Lujanbio gusturago zegoen arratsaldeko saioarekin goizekoarekin baino. Arzallusek bera arratsaldeko bigarren bakarkakoarekin geratzen zela zioen kazetarion aurrean. Bi-biak arratsaldeko protagonista, hamarreko txikian, Gabon gaueko afarian kantuan, aurreratu-edo egin ziguten buruz burukora pasako zirena, geroko saioetan baliatuko zituzten erreferentziak iltzatuta.

Bakarkako gai molde ezberdinetan Lujanbiok ederto erretratatu zuen minbiziak jotako umeen ingurua eta bizi-nahia ospitalean; Iturriagak, istorio sortzaile-gidoigile apartak dutxa azpian markak uxatu eta marka berriak aurreikusi zizkigun; eta Arzallusek gizartea irudikatu zigun autobus bateko eserleku hutsean.

Ostean, elegante besarkada ederra eman zien Egañak Lujanbiori eta Arzallusi. Eta hain ondo banatu zizkien animoak ezen buruz burukoan pare-parean ibili baitziren biak ere. Alde gutxi batetik bestera, orain bata hobeto, gero bestea, eta azken kartzelakoan puntuazio berbera. Zeinek sua bere estiloan piztuta: batek barrura begira kantatuta, besteak kanpora.

Txapeldun Lujanbio. Txapeldun Arzallus. Txapeldun Egaña. Txapeldun finalistak eta atzean geratutako bertsolariak. Antolatzaileak zer esanik ez. Txapeldun 14.500 bertsozale BECen. Txapeldun euskara hutsezko ekimena.

Gaur goizean, ordea metroak Ansio geltokitik harago eraman gaitu “Bienvenidos” eta “Bienvenues” errealitate gordinera. Ikaragarri ederra iraun zuen artean.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude