Joan den astean aldaketa klimatikoaz goi bilera hasi zen Kopenhagen. Milaka politikari, zientzialari, ekonomialari, ekologista eta abar ari dira eztabaidatzen aldaketa klimatikoaren ondorioez, eta planeta guztiari, baina batez ere herrialde txiroenei eta euren herritarrei eragiten dien egoera berri horri aurre egiteko hartu beharreko neurriez.
Arrisku larriak daude gizateriarentzat, gero eta nabarmenagoak gainera, aldaketa klimatikoa dela-eta. Diru-sarrera gutxi duten herrialdeak eta beren geografiagatik sentikorrenak direnak dute arrisku gehien. Ikerketek adierazten dutenez tenperaturaren bi graduko igoerak zereal-produkzioan %5 eta %20 arteko murrizketa ekar lezake hegoaldeko Asian, hego-ekialde asiarrean eta Sahara azpiko Afrikan. Gosea eta desnutrizioa handituko lirateke. Beraz, aldaketa klimatikoa gehien jasaten dutenak ez dira industrializazio basatiarekin aldaketa hori eragin dutenak (AEB, Txina, India, Europa...), baizik eta industrializaziotik urrun bizirauten dutenak. Gosez eta gaixotasunez milioika pertsona hiltzen dira eta hiltzen segituko dute herrialde horietan.
Egoera horren aurrean, herrialde aberatsek urrats erabakigarria eman behar lukete eta konprometitu beharko lirateke aldaketa klimatikoaren aurrean neurri eraginkorrak hartzera, bai eta horiek finantzatzera ere. Aldaketa klimatikoaren eraginari egokitzeko, urtean 100.000 milioi dolar jarri beharko luketela kalkulatzen da. Eta hortxe dago Gailurraren gai giltzarrietako bat: izan daitezela herrialde aberatsak hori finantzatuko dutenak. Konpromiso hori betetzea ez litzateke printzipio sinple bat betetzea besterik izango: "Kutsatzen duenak ordaintzen du". Eta kutsatzaile nagusienak herrialde aberatsak dira!