‘El Punt’ xumeak ‘Avui’ mitikoa erosi zuenekoa

  • Albiste garrantzizkoa gertatu da Kataluniako prentsan: El Punt egunkariak Avui erosi du. Informazio lokaleko egunkari xume periferiatarrak bereganatu du katalanismoaren ikurretakoa den periodiko sakratua. Duela 20 urte inork ez zuen horrelakorik pentsatuko.

2009ko abenduaren 13an
Avuiko langileak
Avuiko langileak
Orain dela 19 urte bisitatu nituen bi egunkariak, 1990etik 1991rako neguan, Euskaldunon Egunkariaren hasierako hilabeteetan. Kataluniako egunkariekin harremanetan hasi nahi genuen. Avui egunkaria interesatzen zitzaigun nagusiki, hura baitzen hemen sarritan aipatzen zen eredua, baina Gironan lekuko informazioan zentratuta egiten zen El Punt izeneko bat bazela ere entzuna genuen.

Avuira joan nintzen estreina, Bartzelonako erdiguneko egoitzara. Nire penarako, hango zuzendaritzakoekin harremana zuen norbaitek hemendik aurkezturik joan nintzen arren, bilera labur batean hasi eta bukatu zen afera. Eguna edukiko zuten halakoa, edo gure ustez kristoren balentria zen euskarazko lehenbiziko egunkariaren kontuak ez zien izugarrizko kilimarik eragin. Ezta kafe bat ere.

Biharamonean Gironara jo nuen. Aurrez telefonoz hitzordua hartua nuen El Punteko zuzendariarekin, besterik ez, horra zein zen gure arteko elkar ezagutza. Nire pozerako, atetik sartu ahala gerenteak egin zidan harrera lehenbizi eta zuzendariak gero. Erredakzioa goitik behera erakutsi zidaten, sistema informatikoa ere bai, egunkariaren eskualdekako planteamendua esplikatu, kudeaketaren zertzeladak eman… Euskal Herrian sortu zela entzuna zuten egunkari berriaz hamaika galdera egin zidaten. Ondoren, bazkaritara eraman ninduten. Eta harpidetzen kontua atera zenez mahaian –askok mesprexatu egiten zuten garai hartan hemen harpidetza sistema baina Euskaldunon Egunkarian horretan ere zentratu beharra ikusten zen– bazkalondoan zuzendariak harpidedunen arduradunarengana bidali ninduen, eta honek haien banaketa-sistemaren barrunbeak erakutsi. Bisita hartan maitemindu nintzen Gironaz –hiriburuaz eta probintziaz– eta geroztik senidetzat dauzkat El Puntekoak.

Orduan kontatu zidatenez, El Punt 1974an sortu zen apaizen esku aldizkari moduan, eta egunkari 1978an bihurtu, jabegoa Joan Bosch industrialak harturik. Katalan hutsezko informazio lokalean oinarrituta, Gironako eskualde bakoitzean edizio bana plazaratuz, laster hartu zion gaina Francoren garaietatik indarrean zegoen Diario de Geronari; hau gero jabeek Diari de Girona bataiatu zuten eta azkenerako El Puntekin konpetitzeko gaztelaniatik katalanera aldatzera behartuta aurkitu ziren.

Kataluniako politikagintzan itzal handirik izateko pretentsiorik ez zuen El Punt hark, helburu nagusia Girona zen bere eremuan nagusi izatea zuenak, 1990erako asteroko gehigarri bat bazeukan, Presència izenekoa, magazine motakoa, gaur oraindik badaukana. Presència erabili zuen ordurako Katalunian zeuden beste herri egunkari batzuekin elkarlanean hasteko, batzuk bere egituran integratzeraino.

El Punt garai hartan Gironatik kanpo zabaltzeko lehen urratsak ere ematen hasia zen. Bartzelonako probintzian eskualdeka hasi zen lanean, oker ez banago Maresmetik abiatuta. Gogoan dut El Punteko zuzendariak mahaian marraztu zidanean nola ari ziren hedatzen eta Bartzelona hiriburuan ez zutela muturra sartu nahi, hura beste mundu bat zelako, broma tonto bat egin niola esanez Mao Zedongen estrategia gogoratzen zidala: hiriburua nekazalguneetatik –periferiatik– inguratu eta azkenean konkistatu.

Geroztik Katalunia osoan zabalduz joan dira El Punten edizioak. Valentzian beren hizkuntzazko prentsa egunerokoa edukitzeko ahaleginean ari diren militante askorentzako ere hura zen azken urteotan erreferentzia. Berandu bada ere, Interneten sartu zuen muturra, Vilaweben eskutik. Aldiz, gero eta nabarmenago sentitzen zen Bartzelona hiriburua zela esku hartu gabeko eta beharreko gune nagusia. Avui erostearekin, ate handitik egin du sarrera.

Duela 20 urte inork ez zuen imajinatuko Gironan Joan Bosch ugazabaren anaia Jordi gerenteak zuhur eta zorrotz kudeatutako El Punt sotil hark noizbait Kataluniako prentsaren eta kulturaren harribitxi erakusgarrienetakoa zen Avui bereganatu ahal izango zuenik. Baina duela 20 urte inork ez zuen ere pentsatuko egun batean Avui ataskatuta geratuko zela errotatiba zaharra eraitsi eta berria antolatzeko prozesuan, bidean sinetsi ezinezko mailaraino zorpetuko zela, hura bideratzeko sortutako enpresa berrian sozio izango zirela Generalitateaz gain (%20arekin) La Vanguardia egunkari kontserbadorea eta Planeta editoriala, %40narekin. La Razón ultraeskuindarraren argitaldaria den Planeta bera, bai…

Orain plazaratu denez, El Puntek hiru milioi eurotan erosi omen du Avui. Ez dakit inbertsio horretaz gain zenbateko zorra hartuko zuen bere gain. Avui paperezko egunkaria bereganatu du eta haren Interneteko gunea ere bai, Kataluniako lagun batzuek iazko udan kontatu zidatenez hango gazte abertzaleen artean garrantzia berezia omen duena. Lagun horiek kezkatuta zeuden Avui osorik itxiko zutelakoan, Planetak negoziotik atera nahi zuelako eta La Vanguardiak berriz laster katalanezko bertsioa plazaratu nahi duelako –aspalditik El Periodicok egiten duen moduan edizio bikoitza eginez–. Ez dira haserre izango albiste berria jakinda.

ASTEKARIA
2009ko abenduaren 13a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude