Gasteiz prentsa-argazkilaritzaren hiriburu izan da oraintsu (hilaren 9ra arte), Periscopio urteroko erakusketa sorta interesgarriari esker. Arlo honetan munduko lehiaketa garrantzitsuena den World Press Photo-ren erakusketa izan da jaialdiaren oinarri, ohiko legez. 27 herrialdetako 62 argazkilariren lanak ikusi ahal izan dira, 5.500 parte-hartzaileren artean hautatuak. Gaurkotasunaren isla da erakusketa; eta aurten krisi irudiak izan dira nagusi.
Kontua da, argazkilaritza blogetan eztabaida sutsua dagoela, World Press Photo lehiaketako epaimahaikideek hartu duten erabakiaren harira: aurkeztutako argazkiarekin batera, orijinala ere bidaltzea eskatuko dute hemendik aurrera, Photoshop-arekin gehiegi ukitua izan den jakiteko. Izan ere, Danimarkako Picture of The Year sari ezagunak harrotu ditu hautsak: lehenengo aldiz 35 urtetan hiru argazkiren orijinalak eskatu dituzte, eta eskuinean duzuena (goian orijinala) kanporatzea deliberatu dute, aldaketa handia dela iritzita. Egia esan, behekoan lurrikara jazo berri dela dirudi, baina Photoshop-arekin kontrastea, intentsitatea, tonuak eta halakoak editatzea zilegi dela defendatu dute argazkilari-blogari askok, elementurik gehitu, kendu edo aldatu ez bada, ez dagoela manipulaziorik. Muga non dago ordea? Prentsa-kazetaritzari dagokionez, ez litzateke batere ukitu beharko –hildakoen odola manipulatu izan dute egunkariren batean, gorriago agertzeko–. Zerbait kontatzen eta transmititzen duen argazkia da ona kazetaritzan, ez kolore, argi eta teknika egokiena dituena –beste gauza bat da eremu artistikoan–.
Polemika puri-puri dago.