argia.eus
INPRIMATU
Eta matematikako Nobel saria?
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2009ko abenduaren 10
Stockholm (Suedia), 1901. Nobel sariak banatu ziren lehenengoz. Ordutik hona askotariko irabazleak izan dira: gazteak –Lawrence Braggek 25 urte zituen aitarekin batera fisikako saria jaso zuenean, X izpien errefrakzio eta difrakzio fenomenoak ikertzeagatik–, zaharrak –Leonid Hurwiczek 90 urte zituela jaso zuen 2007ko saria ekonomia alorrean–, gizonezkoak (761 guztira) eta emakumezkoak (38 baino ez).

Baina matematikaririk ez dute sekula saritu. Sariak prestatzen ari zela, Alfred Nobelek (1833-1896) matematika alorrean egindako ekarpenak ere saritu zitezkeela pentsatu zuen. Eta zera galdetu omen zien aholkulariei:  “Matematikan ere sariak banatzea erabakiko bagenu, Magnus Göstak Mittag-Lefflerrek irabazteko aukerarik izango al luke?”. Laguntzaileek baietz esan zioten, Mittag-Leffler (1846-1927)  suediarrak, besteak beste, funtzio uniformeak serie polinomikoen bidez aurkezteko teorema garrantzitsua formulatu baitzuen. Orduan, Alfred Nobelek matematikaren saririk ez banatzea erabaki omen zuen.

Zenbait historialari suediarrek nahiz frantziarrek ziotenez, gorrotoak eragin zuen Nobelen erabakia, baina bi eskolak ez datoz bat ezinikusi horren jatorrian. Suediarren arabera, Mittag-Lefflerrek ez omen zuen eskrupulurik izan ondasunak biltzeko eta bidean etsaiak ere bildu zituen, horien artean Alfred Nobel. Frantziarrentzat aldiz, emakume kontuek eragin zuten ezinikusia. Mittag-Lefflerrek Nobelen gustuko emakumearekin amodio afera bat izan zuen. Zenbaiten ustez emakume hori Nobelen idazkaria zen, eta beste zenbaitek emaztea zela diote, baina Nobel ez zen sekula ezkondu.

Gaur, bitxikeria hau legendatzat jotzen da, bi herrikideen artean ez zegoelako harremanik –Nobel Parisen bizi zen– eta ez dagoelako zurrumurruak egiaztatuko dituen dokumentaziorik, baina honek erakusten du Nobel sarien objektibotasuna zalantzan jartzea ez dela berria.