Edu Zelaieta
...proposatu nahi dizkizuet, ez txantxa edo jolas gisa, baizik eta zuek egiazki lagunduko nauzuelakoan. Adibidez, ez baitut afera ongi konprenitzen, zer dela eta zer dela mendebaldeko gobernuek biltzen dituzten gorpuak euren bandera nazionalekin, gerretara bidalitako soldadu hilak ekialdetik bueltan ekartzen dituztenean; identitate nazionalek –bereziki etnikotzat jotzen direnek– ezinbestean desagertzera jo behar dutela behin eta berriz oroitarazten diguten mundu global honetan.
Halaber, albiste bilakatu zen Parisko Eguberrietako argiak nork piztu zituen eta, batez ere, aurtengo kolore nagusia: morea, krisialdian kolore honek gugan esperantza sortzeko omen duen gaitasunagatik. Ez zuten deus ere aipatu, ordea, zer dela eta zer dela Eguberrietako apaingarriak piztuta egongo diren azarotik urtarrila arte, 45 egunez. Krisiagatik ote?
Aurten bete ditudan 36 urteek, bizpahiru asmakizunez gainera, hauxe ekarri didate opari: dagoeneko hurbilago nago 40etatik 30etatik baino, 50etatik 20etatik baino. Aitzitik, zer dela eta zer dela, helduon hitzezko jolasak asmatzeko sekulako lanak izaten ditut oraindik.