argia.eus
INPRIMATU
Beldurra barreiatu zutenekoa
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 06a
Goizaldeko laurak aldera jo zuen telefonoak etxean: “Guardia Zibilak Pello Zubiria atxilotu du bere etxean”. Amets gaiztoa ez zela behin eta berriro ziurtatu ondoren, Iruñetik Lasarterantz abiatu nintzen 2003ko otsailaren 20ko goizalde hartan, atxiloketaren inguruko galdera ikurrek burua lehertu beharrean. Goizeko 6etako albistegiak eman zidan erantzuna: Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Torrealdai, Auzmendi, Inma Gomila, Fermin Lazkano… Euskaldunon Egunkaria zen helburua. Argiara iritsi nintzenerako Guardia Zibila alde egin berria zen gure egoitzatik, Pellorekin izan zen bertan eta material ugari eraman zuten bulegoetatik, tartean nire ordenagailua ere bai. Euskal kulturaren beste egoitza batzuk ere miatu zituzten, Jakin, Ikastolen Elkartea… Beldurra barreiatu zen euskal kultur esparruetan. Nire baitan ere bai.

Guardia Zibila eta Juan del Olmo epailearen eskutik Egunkaria itxi zuen PPk eta gu hilabeteko zurrunbilo zoroan sartu ginen: Madrilgo Auzitegi Nazionala, Gregorio Marañon Ospitalea, protesta bilkurak, prentsaurrekoak… PP bere autoritarismo baldar eta harroenean ari zen eta euskal gizartearen arima kolpatu zuen operazio harekin. Egunkariaren itxierak eta euskal kultur munduko pertsona prestigiodunen tortura salaketek, bestelako tortura kasuek lortzen ez zuten eskandaluaren metxa piztu zuten Euskal Herriko etxeetan. Otsailaren 22an Donostiako manifestazio itzel hartan lehertu zen: jendetza, amorrua, protesta, elkartasuna… Eraginkortasuna? Ez dakit, protesta agerpen eta duintasun aldarrikapen bederen bai, eta horiek dira pertsona pertsona egiten duten azken bi heldulekuak.

Argiakook batez ere Pelloren atxiloketa eta ospitaleratzearekin bizi izan genuen pasadizo beltz hura. Osasun sailburuak esan zidan Madrilen ez ziotela kasurik egiten; Urlia epaileak hitz egingo zuela Auzitegi Nazionaleko lehendakariarekin; alkate sozialistak baietz, saiatuko zela, baina PPkoentzat bera ere terrorista zela ia; buruzagi jeltzaleak… Hala joan zitzaigun hilabetea, Pello martxoaren 18an Soto del Realetik ateratzean besarkatu genuen arte. Eta orain epaiketa. Baikor egoteko arrazoi juridikoak badira, baina otsail hartan Inma eta Pelloren abokatuak sarri zioena datorkit burura: “Argi, Auzitegi Nazionalean gaude, eta hemen dena da posible”.