argia.eus
INPRIMATU
Joni Ubeda
Gitarra akustikoarekin kanta batzuk prestatzean, ez genuen buruan pop-a egingo genuenik
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2009ko abenduaren 06a

Horren alde hainbeste borrokatu ostean, gustura zaudete pop-aren aterkipean? Ez zaizue txikiegi gelditu?


Musikari askori nahi gabe askotan halako aterkiak jartzen dizkigute. Guk behin baino gehiagotan esan dugu estiloak baino kantak ditugula gustoso, ez gara estilo bakarrekoak. Eta, gure ibilbidean, joera desberdinagoak landu izan ditugu: rock gordinagoa, brit-pop kutsua, amerikarragoa... Aterki zabala beharko genuke. Poparen aldeko borroka kontzientea egin dugun? Ekimen berrietarako intuizioaz jokatu dugula esango nuke. Deabruak Teilatuetan eten eta gitarra akustikoarekin kanta batzuk prestatu genituenean, ez genuen buruan popa egingo genuenik.

Duela hamar urte Bide Ertzean sortzerakoan espero zenuten halako ibilbidea izatea?


Inola ere ez. Deabruak eten ostean, musika utzi ezin genuenez, honekin hasi ginen. Eta, berez, idazle eta poetekin izandako hartu-emanei esker hasi zen. Inoiz kontzerturik egin gabe, Gaztelupeko Xarrak diskoa egiteko eskaintza egin zigun eta txundituta utzi gintuen. Hala, proba moduan maxi bat egitea erabaki genuen. Imanol anaiak ez zuen bere burua frontman gisa ikusten, baina harrera ona izan genuen. Hala, diskoz disko egin dugu bidea. Fran Iturberi gitarra bat erosi behar genion, eta azkenean gitarra erosi ez eta taldera sartu zen; Senperena batu zitzaigun…

Nolakoa izan zen Leidorreko kontzertua?


Zuzeneko bat egitea erronka handia zen guretzat, baina gure ibilbideko kantak gaur egungo erara interpretatu nahi genituen. Erantzukizun handia genuen, nahiz eta lan handia eginda eraman. Grabatuko genuela bazekiten 700 lagunen aurrean aritzea zirraragarria da, baita arriskutsua ere. Eta jendearen jakin-mina ikaragarria izan zen. Emaitza gogoangarria izan zela uste dut, bai guretzat eta bai entzule guztientzat ere.