argia.eus
INPRIMATU
Izoztutako soldatei jarriak
  • I
    Inoiz dardarka jarri baziren
    smokin eta korbatak
    kimu berdeak datoz krisian
    kitto zenbaiten lo faltak.
    Ensaio asko kostatutako
    malko ta elkartasun plantak
    esku leunak ta patrika bero
    izoztutako soldatak.
Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2009ko abenduaren 02a
Jexux Mari Irazu
Jexux Mari IrazuDani Blanco
II
Kargu publiko, aholkulari
eta zuzendari postu
guztiak ere langile finak
eta beharrezko kostu.
Soldatek eta eguraldiak
konbenioa adostu
behean lurrundu egiten dira
eta alturan izoztu.

III

Elkartasuna goi alde hortan
beti ibili da lerden
milaka milioi aurreztu, nonbait,
erdia balitz bederen…
Sarriren lagun izoztua lez
ejenplo emanaz hemen
bada ezpada, ez da esaten
zenbatean izozten den.

IV
Sindikalgintzan sinesten dut nik
baina ez dakit zer esan
hain sutsu ikusi ditudanean
zenbait konturen defentsan.
Asko denean, gutxi denean
beti alde onera etzan…
Zulo asko ta kiebrarik inoiz
izaten ez den enpresan.

V
Teilatupean txintxilik jarri
ta beti gora begira
goitik edanaz gizendu eta
punta beherantza tira.
Klima aldaketa etorriko al da?
Nola, kontua hori da…
Igual orduan goiko burruntzik
tantoka urtuko dira.

VI

Mundu honetan bizi gara ba
eta hauxe da garena
izotzak izotz ta hormak horma
krisi gorrian barrena.
Izotzak ere badu lagun bat
izotz beltza deitzen dena
hain justu ere ikusi ez eta
gehien erretzen duena.

Doinua: “Kontatutzera noa kontuak”.