argia.eus
INPRIMATU
Erabaki
Andoni Mujika Ulazia @mujikaandoni 2013ko maiatzaren 02a
Andoni Mujika
Andoni Mujika
Ezberdin erabakitzea, ohikotasunak agintzen duen logikatik kanpo ebaztea, gogorra da. Ia-ia erabakiaren subjektuari berari ere ez-logikoa egiten zaio. Hautu kontserbatzailearen kutsadurak jaurtitzen dituen keak bera ere kutsaturik dauka. Toxiko horien menpekotasunetik ez da erabat aske. Eta bai, espero den bezala jokatzeak abantailak ditu hasieran. Turbazio gutxi sortzen du inguruan eta ekaitza barnera mugatzen da. Ausardiak hasieran, ekaitza sortzen du, zikloi ere bihur daitekeena tarteka, baina antizikloirako nahitaezkoa da. Errealitateari begira, betiko antzera, erabaki ez-konbentzionala hartuz gero konturatzen zara diskurtsoen eta praktiken arteko aldea norainokoa den. Ze gutxi diren munduan subjektu. Zenbat preso dagoen auto-ziegetan. Erabakietan oinarritutako bizitzak, bestetik, arrisku maila altuko bizitzak direla esan ohi da, baina seguritatean oinarritutakoak ze arrisku potentzial duten pentsatzen hasten naizenean kondena luze batekin lotzen ditut. Eta negarrez diot ez dela erraza erabakitzea! Erosotasun-haize indartsu eta uniformatzailearen boladari izkin egin eta espero ez den putz-kadaren alde apustu egitea. “No hay revolución sin sangre”.