argia.eus
INPRIMATU
Kalakariak
Joxemari Ostolaza 2009ko azaroaren 29a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Entzuten ditut eguneroko kotxebide laburretan. Luzeagotan, tartekakotan, nik aukeratutako musika. Zernahi dela ere gaia, iritziak emateko prest. Ofizioa, bizibidea. Profesionalak alegia. Ahotsen koloreak, erritmoak eta tonoak nola erabiltzen dituzten ditugu mezu laguntzaileak, askotan plantak ari direla egiten salatzen dizkigutenak. Audientzia gehien biltzen omen dituzte eta irrati kateen arteko lehian lanabes azkarrenetakoak omen arerioa garaitzeko. Jende berdina dabil han eta hemen merituak egiten lanpostua xede. Gustukoa nuke jardun horretan eskarmentu handia duten bertsolariak aktualitateari helduz bertsotan entzutea. Jarritako bertsoek ere balukete beren lekua, paperezkoetan soilki suelto utzi gabe. Saiotakoen berri ematen dutenetatik aparte, euskal irratietan holako formulak erabiltzeak balio erantsia ekarriko liekete erdaldunen aurrean euskaldungoa haietara erakarriz. Eman dezagun astean behin edo bertsolarien tertulia antolatzen dela, hori bai bertsotan, bestela ere erabiltzen dituzten gaiak aitzaki. Ez legoke gaizki, eta oso erraza aproba egitea. Umorearen kolorea behintzat ez genuke faltako eta ez da gutxi. El cocidito madrileñori sutan jarritako eltzea parean ezarri alegia.