argia.eus
INPRIMATU
Hitzetik Hultzera
Bertsoaz hesteak bota beharrean
  • Mamut lasai baten gerizpean, okelari haginka otuko zitzaion lehenengo euskaldunari hitz pusketak hartu eta errimatzen hastea. Ingurukoekin deman hasi, eta konturatzerako sofistikazio handiko lehia bihurtu dira bertsolari txapelketak. Baina dena ez da sofistikazio eta fintasun izango, ezta? Ezin al dugu ba bertsoaz jardun txorizo mutur bat jan bitartean, bultzatzeko sagardo tragoa hartuz?
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2009ko azaroaren 25
Hitzetik Hultzera
Hitzetik Hultzera
Argiak, Bertsoa.com-ek eta Info 7 irratiak paratu dute mantela, eta agudo bildu dira ingurura bi kazetari-bertsojale. Estitxu Eizagirrek eta Agin Rezolak menu berezia eskainiko dizute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa bukatu bitartean Hitzetik Hultzera web bidezko telebista saioan. Bertsoaren zainak eta gizenak ebakiko dituzte labana zorrotzenarekin, eta haragi gurienak, xamurrenak, goxoenak muturren aurrean jarriko, zure hortzen izerdirako. Eta ordaindu gabe: dena libre da asteazkeneroko programan... baita programa bera ere, lizentzia librez banatzen baita Interneten.

Hau irakurtzen duzunerako hirugarren kapitulua sarean izango da, eta honezkero denok buruan ibilitako galdera bat baino gehiago planteatzen ausartuko ziren: Miren Ibarluzea kazetaria abila da horretan. Haren Galdera gaiztoa saileko itaunek erantzun are gaiztoagoak jasoko dituzte, seguru. “Epai irizpideak ezagutzen al dituzu? Zer duzu nahiago, betelan merkea ala hankaluze nabarmena?”.

Noski, ez dira faltako Txapelketa Nagusiko saioen analisiak. Grafiko eta guzti azalduko dituzte Eizagirrek eta Rezolak, mokadu artean. Eta programak aurrera egin ahala, errima eta poto artean, mahaia odolkiz, txorizoz, urdaiazpikoz, brotxetaz... Tira, letxuga ez den edozein jakiz betetzen joango da. Misterioak argitzeko tarterik ere izango da. Aurreneko programan, berbarako, gauza bat argi utzi zuten Hitzetik Hultzerako kazetari bipilek: txapelketan parte hartzen ari den bertsolari bakar batek ere ez duela txapela irabazi nahi. Ondorio hori nola atera duten? Aurkezpen egunean bakoitzari zein helburu zuen galdetuta. “Disfrutatzea”, “gozatzea”, “ahal den ondoena egitea”... Irabazi? Mesedez, txapelketak ez dira horretarako egiten!

Lehen saiotik, gainera, lehiaketa jarri dute martxan: txapelketako bertso baten azken puntua asmatuz gero, ikusleek janka ederra egingo dute irabaz daitekeen saskiarekin. Beraz, zuk sabela ekarri: Hitzetik Hultzerak jarriko zaitu tripak bota beharrean barrez.