Hitzokei, sareko hiztegi eroa

  • Hiztegiak kontsultatzera ohitu gara, inor gutxi aritzen da hiztegigintzan. Bada, sarean, edonor izan daiteke hiztegi elikatzaile baldin eta umorea eta sormena baditu. Pixagura ez baita pixagura, ezta mudantza mudantza ere.
Hitzak mozorrotzeko eta biluzteko parada eskaintzen du Hitzokei jolasak. Irudimenaren gurpilari eragin eta hitzak eta hauen definizio laburrak asmatzea da kontua. Hitzen ahoskera eta grafia aldatuz, adiera xelebreez osaturiko hiztegi eroa sortu dute Twitterren. Esate baterako, Damasko hitzak hauxe esan nahi du: Munduan neskatila gehien bizi den hiria, Sirian kokatua. Markos Gimenok ekimen kolektibo izateko asmoz sareratu zuen proposamena, eta bertan egin du aurrera jokoak auzolanaren bitartez.

Sarean harrapatuta daudenei, behintzat, ezaguna egingo zaie Twitter. Mikroblog sistema bat da berau, mezu laburrak (140 karaktere, gehienez) bidaltzea eta jasotzea ahalbidetzen duen erabilpen errazeko zerbitzua. Zertan ari zara? galderari erantzuteko aukera ematen zaie bertako erabiltzaileei. Sare soziala bihurtu da Twitter, antzerako zaletasunak dituzten pertsonak harremanetan jartzeko bidea eskaintzen duelako, besteak beste.

Hitzokei jolasa plazaratzeko tresna aproposa iruditu zitzaion Twitter Markos Gimenori, jolasean edonork parte hartzeko eta ekarpenak egiteko bide egokiena. Hala, Hitzokei bat-bateko jolas freskoa bihurtu da. Hitz-jokoen inguruko Verbalia.com webguneko foro batzuetan parte hartu eta gero etorri zitzaion jolasa sortzeko ideia. Dena den, jolas honen aurrekari gisa, honako hauek aipatu zizkigun, besteak beste: Napartheid aldizkarian egiten zuten Hizteria atala eta Jose Luis Coll umorista eta idazleak bere garaian sortutako umorezko hiztegia.

Twitterren #hitzokei etiketa jarrita, erabiltzaile ugari ari dira eurek asmatutako hitzak idazten. Egunetik egunera hitzokeien zakua gizentzen ari da, jolasa bizi-bizi dagoen seinale. Ekarpenak egin nahi dituen orok aski du ondoko formatua erabiltzea: hitza letra larriz jarri, bi puntu eta definizioa. Sarean txioka (tweet hitzak txioka aritzea esan nahi du) ibiltzeko ohiturarik ez dutenen ekarpenak jasotzeko, berriz, Sustatu.com webguneko Letrak Sare Kantoitik atalean postontzi bat zabaldu du jolasaren bultzatzaileak, hitzak jasotzeko: hitzokei@sustatu.com. Hemen jasotzen dituen hitzokeiak ere sareratu egiten ditu.

Hitzokei ekimena egiaz ekimen kolektibo bihurtu dela adierazi digu Markos Gimenok, auzolanean eraikitzen ari den egitasmoa baita. Twitter bidez hitzokeiak asmatzeaz gain, erabiltzaileek egitasmoa hobetzeko ekarpenak eta proposamenak egin dituzte. Esaterako, oraingoz Twitterren bilatzaileak zenbait egunetako ekarpenak gordetzen ez dituenez, Mikel Iturbe blogariak wiki bat sortu zuen Hitzokei hiztegia biltzeko. Orain dela pare bat aste, berriz, Julen Ruiz Aizpuru software askean ibiltzen den programatzaileak (Librezale, Xuxen, Euskalbar) Hitzokei hiztegiaren gordailu automatikoa sortu du Twitter bidez sareratzen diren hitzokei guztiak jasotzeko. Hitz guztiak alfabetikoki sailkatu eta gorde egin ditu hitzokei.tximinia.net orrian. Egun, hogeita hamabost autorek sortutako berrehun eta berrogeita hamabi termino irakur daitezke. Datuok ikusita, jolasak harrera ezin hobea izan duela adierazi digu Gimenok.

Ikusteke daukagu Twitter bidez abiatutako jolas honen amaierako abia zein izango den; auzolanean garatutako proiektuen alderdi interesgarrienetako bat baita hori. Bitartean, gozatu saretik lapurtu ditugun hitz ero hauekin.
Hitzokei zerrenda
http://hitzokei.tximinia.net

EKAINA
: Sarean zerbeza hartzeko sasoia.
HALABA!: Semea espero zenean alaba jaio dela adierazteko erabiltzen den interjekzioa.
BIDEATXURRA: Mozkortutakoan etxera iristeko egiten den bide bihurgunetsua.
TXOSNA: Zapatilek kalimotxo putzuetan egiten duten soinuaren onomatopeia.
BASURA: Basoko errekak dakarrena.
DEMAGOGO: Apusturako irrika duen hizlari tranposoa.
EUSKIZOFRENIA: Bi Euskal Herri esisititzeak, hango biztanleengan sortzen duen gaixotasuna, errealitatearen pertzepzio okerra edo partziala eragiten duena.
HARABA: Kasualitatez bezala aurkitutako Euskal Herriko lurraldea.
FAXISTA: Faxista Fax-ak bidaltzearen poderioz fanatiko bihurtzen dena.
ERTXANTXA: Polizia naiz. Ezeeetz.
PATXILOKETA: Lehendakari berriaren aginduz eskuburdinak jartzen dizkizutenean.
GEZURTERO: Urtebetetze egunero, adina faltsutzen duena.
EURIBOR: Euskal Herriko berdetasun tasa neurtu (eta hobetzeko) erabiltzen den indize hezea.
EUROTU: Sos batzuengatik burua galdu.
EGUNON-EGUNOFF: Goizean eta gauean agurtzeko modua.
MAKURTU: Izozgailuan sartzeko beharra duen hanburgesa.
MARRUBIAK: Oihu ikaragarriak botatzen dituzten emakume ilehoriak.
GI-ZENDU: Kiloak hartu hil arte.
MADARIKATU: Maldizio baten bidez pertsona bat madari bihurtu.
MUDANTZA: Behien koreografia aldakorra.
SORMEN: Gizonezko monja.
EZKUNTZA: Desobedientziarako edukazioa.
USTELA: Ipar Amerikako Estatu Batuetako bandera.
EPOSTA: Txirrindulari batek nahita drogatu dela onartzen duen posta elektronikoa.
TRIPI-TIXA: 1. Akordeoi itxurako pilula 2. Dantza folkloriko aluzinogenoa.
PIXAGURA: Mutil cadiztarra nahi izan.
BARRABILA: Tabernan potrojorran aritzen trebea.
PAZIENTZIA: Muxukalogia.
LISUNA: Derrigorrez “haragiaz” ordaindu beharreko isuna.
ORGASMO: Gogoa gurdi batean jarri eta plazerez ixuritzea.
ANTZUOLA: Olatu honek bustitzen bazaitu, ez duzu seme-alabarik izango sekulan.
ANTIZORGAILUA: Hipotekekin amaituko duen tresna.
ZAKHILA: Viagra hartzeko garaia.

Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude