argia.eus
INPRIMATU
Bizkarreko min eta molestiei adio
Jabier Agirre 2009ko azaroaren 24a
Biztanleriaren ia erdiak bizkarreko min-aldiren bat edo beste izango du urtean zehar. Kasurik onenean, min horrek tratamendurik ez du behar, baina lau pertsonatik bat lanerako ezinean egoten da –bizkarreko mina da, hain zuzen ere, laneko baja hartzeko arrazoi usuenetakoa– edo arazoak izaten ditu bizimodu normala egiteko.

Arazo hori saihestea ez da, ordea, hain zaila. Hona hemen kontuan hartu beharreko bost aholku:

Ariketa fisiko gehiago egin. Hiru pertsonatik bi ez da behar adina mugitzen, eta ez ditu astean bitan egin beharko lituzkeen 30 minutuko ariketa fisikoko saioak egiten. Saio bakoitzean luzaketak, ahalegin muskular apur bat eta arnas nahiz bihotzeko lana egin beharko lirateke.

Pisua kontrolatu. Bizkarrezurrak eta bizkarreko muskuluek eusten diote gorputzari. Ulertzekoa da, beraz, gain-pisua arrisku faktore garrantzitsua izatea. Gutxitu koipe saturatu eta azukre kontsumoa, eta gehitu zereal integralak, lekaleak, barazkiak eta frutak eguneroko dietan.

Ondo mugitu. Bizkarreko minaren jatorrian sarritan egoten dira ibiltzeko, zutik egoteko, makurtzeko edo korrika egiteko modu desegokiak. Mugimendu horiek modu egokian egiten ikasi beharra daukagu.

Luzaroan eserita egotea ez da onena. Gehienok ordu asko ematen dugu eserita, 4-8 bitartean egunero. Hainbeste denbora eserita egoteak postura desegokiak hartzera eramaten gaitu, konturatu gabe. Horregatik, ordu erdian behin-edo, komeni da aulkitik altxatzea, zangoak luzatzeko.

Erlaxatu. Tentsio psikologikoak eta estresak muskuluen kontrakturak eta desoreka muskulu-eskeletikoak dakartzate. Kasu horietan, erlaxatze-teknikak gomendatzen dira.

Zutikako jarreran, oin batek bestea baino zertxobait aurreratuagoa egon beharko luke, bost minutuan behin bermatzeko oina aldatuz. Ez eman sekula ere denbora luzerik zutik mugitu gabe, eta ahal bada hobe ibilian edo mugimenduan bazaude.

Eserita bazaude, burua tente eduki, sorbaldak erlaxatuta eta bizkarraren beheko aldea aulkiaren kontra ezarrita. Bizkarreko edo lepoko kurbatura fisiologikoak ez dira handizkatu edo gehitu behar.

Lotara joatean, jarrera fetala edo saiheskako jarrera hartu,  aldaka eta belaunak tolestuta daudela. Edo ahoz gora bestela, belaunen azpian burko edo kuxinen bat jarriz, baina sekula ez ahoz behera.