Opari sinfonikoa

  • Azaroaren 19 ilunabarrean Donostiako Victoria Eugenian bildutako Argiazaleek, agintari politikoek eta musika-maitaleek kontzertu eder baten oparia jaso zuten. Garai, kontzeptu eta kolore oso ezberdineko musikak entzun ziren Argiaren 90. urteurrenaren aitzakian josiak, musika hutsak berez dakarren plazerari bestelako sentsazio eta sentimenduak gehitu zizkietenak.
EOS kontzertua
EOS kontzertua Dani Blanco
Euskadiko Orkestraren kontzertu bereziak Iker Sanchez zuzendari irundar gaztea eduki zuen ardatz. Oso entsaio gutxiko formula onartuz, arriskutan sartu zen, eta haietatik maila handia erakutsiz atera. Kontzertua hasi zen Jose Olaizola Gabarain (1883-1969) hernaniarrak Sorgiñeta baleterako idatzi Kontrapasarekin. Jon Maya dantzari oso ezaguna oholtzan, metro koadro urriko tartean ari, Jagoba Astiazaran musikari gaztea txistuan eta orkestra gibeletik: ongi-etorri elegantea.

Juan Crisostomo de Arriagaren (1806-1826) Obertura op 1-ekin hasi zen lehen zatia. Mozart kutsuko pasarte fina. Ondoren, gure lurrak eman duen konposatzaile munduan ezagunena, Maurice Ravel (1875-1937): honen Le Tombeau de Couperin, XVIII. mendeko Couperin frantses barrokoaren omenezko kontzertua, Lehen Mundu Gerran Ravelek galdu zituen lagun banari eskainitako zatiz osatua da eta Ravelek justu Zeruko Argia plazaratu zen urtean aurkeztu zuen. Pianoarentzako sortu sei piezetatik orkestrarentzako egokitutako lauak jo ziren. Pasarte koloretsuak, iradokizunez beteak, plastikotasun handikoak, exekutatzen konplikazio tekniko askokoak, entzulearentzako lehenbiziko aldian bereganatzen ez errazak. Entzule adituenak ados zetozen Iker Sanchezek txinpartak atera zizkiola orkestrari Ravelekin.

Ondoren, Jesus Aranbarriren (1902-1960) Zortzi euskal kanta kolekzioarekin taularatu zen Miren Urbieta soprano gaztea. Garairik zailenetan Euskal Herrian sinfonismoaren habeari zutik eutsi izanaren fama duen Aranbarrik zortzi herri kanta landu zituen zortzi bitxi oso diferente moduan. Urbietak ariketa horietan agerian utzi zituen kanturako dituen dohainak, ahots eta kantakera aldetik bezala dramatizazioarenetik. Berak batetik eta orkestrak bestetik Sanchezen ardurapean lana fin egin zuten Aranbarrik bien luzimendurako prestatutako korapiloak askatzeko.

Zortzi kanten giro esperimentuzalearen ostean, bederatzigarrena Aita Donostiaren Oinazez ezaguna, Nik baditut bortietan herrikoiaren gainean sortua. Giro ilunekoa bezainbat entzuten erraza, Aita Donostiaren pieza funebreak daraman drama ederki mamitu zuten bakarlariak eta musikariek.

Kontzertuaren bigarren zatiaren sarrera orkestrak eta Jose Inazio Ansorenak Isidro Ansorenaren (1892-1975) Birigarroarekin eman zuten. Tomas Aragüesen moldakuntza distiraz betean, tresna sinfonikoak eta hiru zuloko txistu zaharra elkarlanean eta lehian. Txistularia orkestra atoian daramala batzuetan eta honek altzoan kulunkatua bestetan, batak birtuosismoa erakutsi eta besteak solemnitatez borobildu. Berez Birigarroa entzule epelena enamoratzen duen pieza da, eta Aragüesen moldakuntzek himno bihurtu dute.

Hurrengo jauzia, Mikel Laboak JosAnton Artzeren hitzekin sortu Txoria txori, Carlos Puig-en moldakuntzekin, oraingoan Pier Paul Berzaitzek eta Miren Urbietak kantatua. Gaueko ukitu nostalgikoetako bat. Eta bukatzeko, Pierra Bordazaharre “Etxahun”en Goizian argia hastian, Mañolo Espeletten moldaketekin, Berzaitz eta Urbietarekin batera Argiako langileek kantatua... Detaile heterodoxoa, salako entzuleria goratik kantan jarri zuena.

Bukatzeko propina, Nemesio Etxanizen letrekin Jose Inazio Ansorenak idatzitako Zapi zuriari koplak aldatu eta Beti Argia abestu zuten, orkestrak, kantariek, langileek, salak, Aragüesek paratutako moldakuntza luxozkoarekin.

Kontzertura musikaren plazer hutsaren bila hurbilduak nabarmenduko du orkestra dotore aritu zela, Ravelen pasarteetan haize taldea izugarri, soprano gazteak kolore eta matizazio askoren erakustaldia egin zuela, zuzendariak anbizioa, kalitatea eta orkestraren kontrola erakutsi zituela, eta txistulariak ezagutzen diogun maisutasuna. Kontzertuetara joateko usadiorik gabeko euskaltzalea, berriz, luxuzko musikaldi baten lekuko izan zen. Opari gisa, euskal prentsa biziaren, astekari zorrotz, gorri, gozo eta argiaren 90. urteurrenean, hiru ereserki galant kantatu ahal izan zituen norekin eta Euskadiko Orkestra sinfonikoarekin.

ASTEKARIA
2009ko azaroaren 29a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude