Prentsa horiz tintatu zuen mutikoa

New York, 1897. Lehenengoz “prentsa horia” terminoa erabili zen New York Press egunkarian, hiriko beste bi egunkari sortzen ari ziren kazetaritza modu berria kritikatzeko.

New York World egunkaria Joseph Pulitzerren (1847-1911) sare editorialeko egunkaririk garrantzitsuena zen. Irakurleen arreta bereganatzeko, albiste deigarriak eta irudi ugari argitaratzeko joera zuen hungariarrak. Haren arerio nagusiak, New York Journal egunkariaren jabe zen William Randolph Hearstek (1863-1951), bide berari heldu zion. Izan ere, batak egiten zuen edozerk bestearen erantzuna eragiten zuen. Horrenbestez, sentsazionalismoa nagusitu zen. Pulitzer bera “odola lehen orrialdean” erakustearen aldekoa zen. Eta, diotenez, Hearstek, erreportaje sorta baten bidez, 1898ko Kubako gerra piztea bultzatu zuen, La Habanako badian Maine itsasontzi estatubatuarra istripuz urperatu zela aprobetxatuz. Istripuak, krimenak, adulterioak... Denak balio zuen salmentetan gora egiteko eta arerioa menpean hartzeko, baita albisteak asmatzea ere.

Edonola, lehiak onura ere ekarri zion kazetaritzari, biek ala biek berrikuntzak etengabe ezartzera behartu baitzuten bestea. Baina ez zeuden bakarrik prentsaren merkatuan eta, lehia betean, 1897an, New York Pressek bi lehiakideen joera kritikatzea erabaki zuen.
Gero eta irudi gehiago sartzeko joera horretan, World nahiz Journal egunkarietan Yellow Kid izeneko komikia argitaratu zen. Eta Pressek pertsonaia arrakastatsua baliatu zuen bien aurkako hitz jokoa egiteko, ingelesezko yellow hitzak, hori kolorea izendatzeaz gain, krudela eta koldarra ere esan nahi baitu.

Orson Wellesen Citizen Kane filmeko protagonistak Randolph Hearst omen du oinarri. Pulitzerren izena, aldiz, puntako kazetaritzari lotuta dago gaur egun; hiltzean, dirutza utzi zion Columbiako Unibertsitateari, hark kazetaritza fakultatea eraiki zezan, eta instituzio horrek sortu zituen Pulitzer sari ezagunak.

Horiz jantzitako haur jaioberri hura, berriz, ederki hazi zen eta egun, oraindik, mundu osoan zehar dabil, zenbait egunkaritako lehen orrialdeak odolez eta morboz betetzen.

ASTEKARIA
2009ko azaroaren 22a
Azoka
Azkenak
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


Eguneraketa berriak daude