Frantziako Iraultza hizpide
Frantziako Iraultza frantses Erresuman gertatu zen, ez Nafarroako Erresuman. Bistan da, bakoitzak bere gisara bereganatzen du historia eta bere ideologiaren arabera bere aburu egiten du. Iritzia egin ahal zuzena egiteko hurbiletik ikertu behar duzu ordea, ez bakarrik batzuen eta bertzeen iritziak kontuan hartuz, garaiko dokumentuak aztertu behar dituzu. Historiaz idazten dena ez da arrunt objektiboa, bakoitzak bere azterketa egiten du, bere ikusmoldea ematen du. Alabaina, historia interesgarria da errealitatera hurbiltzeko eta gaurko egoera hobeto ulertzeko: nondik heldu eta nola horretaratu garen gaurrera eta etorkizunari buruz zein bide hautatu behar den ikusteko.
Heren estatua barne: herria
Frantziako Iraultza antzinako gizartea hiru klasetan edo estatutan banatuta zegoen: Eliza, lehenbiziko estatua. Noblezia, bigarrena eta Herria hirugarrena. Frantsesez Le tiers état deitua. Hirugarrena, jauntxoak eta apezak ez diren guztiak ziren. Harrigarria da ikustea iraganeko eta egungo eztabaida juridikoak zein antzekoak diren, hiru estatu-klaseen arteko eztabaidak eta indar harremanak egungo arazoen antza handia dute. Egun ere herrien interesek eta eskubideek berdin segitzen dute, jokoan eta borrokan. Interesgarria da ere ikustea herritarren nahiak zein ziren, eta emandako urratsak. Ez dira eskolan erakutsi ziguten eta ikasi dugun historian agertu. Ikasi dugun historia beti ofiziala izan da, garaileen historia. Gure historian ikerketarako gauza franko dago aztergai. Egia da ez dugula gure historia ontsa ezagutzen.
Nafar izaera Baxenabarren: bakarra
Nafar izaera bakarra zela garbiki ageri da dokumentuetan. Gaur egungo baxenabarrek orduan beren burua nafarrez zeukaten, eta halaxe aurkezten ziren. Nafarroako Erresumako kideak bezala, eta Erresumako Konstituzioko eskubide guztiez nahi zuten gozatu eta ez zuten onartzen eskubideak ukatuak izatea. Denbora berean euskaldun bezala ageri dira, lapurtar eta zuberotarren irudikoak, hori da interesgarria.
Departamenduaren afera
Frantses Iraultzaren hastapenetik iraultzaileek nahi izan dute frantses herria eraiki: “Gure Erresuman herri bakarra dago, frantses herria” zioten. Alta, orduko Frantziako Erresuman eskualdeek bazituzten beren berezitasunak eta beren hizkuntza. Frantses Iraultzaren nahikeria herri bakar eraikitzea izan zen, Parlamentu bakar batekin. Frantses herriaren izenean subiranotasuna eraiki zuten. Horretara iristeko alta, behar izan dute beste herrien hizkuntza eta berezitasunak ezabatu.
Departamenduak antolatzean hori izan zuten helburu. Frantses Erresuma zabala denez departamenduetan zatitu behar izan dute: “Departamendu guztiek elkar irudi behar dute, ez dute bereizi behar, denek izari eta eremu eta jendetza bertsukoa izan behar dira” pentsatu zuten. Eta horretarako, gurean, bereziki lehenagoko probintzia historikoak hautsi zituzten. Probintzia zabalak hausten dira eta departamenduka zatitu, eta probintzia txikiak lotu dituzte beste probintziekin. Helburua berezitasunak ezabatzea zuten eta denak frantses bilakatzea.
Lapurtarrek, zuberotarrek eta nafarrek berehala galdatu zuten Departamendu berezi bat osatzea, non euskaldun guztiak elkartuak izanen ziren eta haien biltzarretan euskaraz mintzatu ahalko ziren. Baina Parisen ez zuten nahi, eta hemengo gehienak hori nahi izan badu ere, iraultzaileek hori hautsi zuten eta aurka joan ziren. Frantses iraultzaileek nahitara euskaldunak bearnesekin lotu zituzten, euskaldunek ez zezaten beren nortasuna defendatu.
Seaska Ikastolak hizpide
Irakasle izan naiz Seaskan. Bost urtetan lan egin nuen irakasle bezala eta lehen mailen hedapenean, Lehen Mailako ikastolak eraikitzen bereziki. 1975era arte Ama Eskolak haurtzaindegi bezala aritu ziren. Egiazko eskolak lehen mailako Ikastolak dira. Haurtzaindegiak ere eskolak ziren baina ofizialki eskolak bezala Lehen Mailakoak sortzean eman ziren. Angelu, Miarritze eta Baionako Ama Eskolen lehenik, Donibane Lohizunen eta Hendaiako Ama Ikastolen segidan gero, horien eraikuntzan parte hartu nuen.
Ikastolen geroa
Atseginez ikusten ditut hainbeste ikastola eta mila haur ikastoletan, haurrak orain Lizeoraino iristen direla. Beharrezkoa dira euskararen biziarazteko, eta euskaraz hezteko, eta segitu behar da ikastolak hedatzen. Garai batean aski lan izan genuen eta gaur egun ere aski lan dute hedatzen segitzeko. Alabaina, arauz eta kopuruz, ikastolek Iparraldeko haur kopuruaren arabera haur gutxi eskolatzen dute, ez aski euskarazko eskolen etorkizuna ziurtatzeko. Ohartu behar dugu horretaz.