AHTk aurrera (ala aurrean?) eramango duen herria

  • Ezkiotarra da Iñaki Mendiguren sortzez; ezkio-itsasoarra, esan beharko, 1965az geroztik. Urte hartan bildu ziren udalerri bakarrean bi herriak, eta biei bilduko zaie, XXI. mendean sartuta dagoeneko, AHT, geltoki eta guzti. Trenbide polemikoak herriari ekarriko dionaz bere iritzia –argia– eman du lehenbizi Mendigurenek, eta udalerriko hainbat txoko eta istorio ezagutzeko gonbita egin digu ondoren.
Ezkioko eliza
Ezkioko elizaGotzon Aranburu
Argiaren atal honek “Ihesi” du izena, “kultura eta aisia”ren barruan. Denok ibiltzen gara geure aisialdian eguneroko errealitatetik ihesi, txoko ezezagun baina eder, exotiko eta idilikoen bila, kulturaz jantzi eta ondo pasatzeko asmoz. Horrelakoetan berezko paisaia hondatu gabeak estimatzen ditugu, ongi kontserbaturiko arte- eta arkitektura-ondareak. Baina hori bizitzaren alde bat besterik ez da. Gehiegi ote da txangozaleari, paisaia liluragarriez harago, lurralde horretan bizi den jendearen argi-itzal eta gazi-gozoekin topo egin dezala eskatzea? Horra hor gonbita gure artera zatozen horrentzat: goza ezazu gurean, baditugu-eta atsegintoki politak, baina ikasi zerbait gure herriaren bizimoduaz ere, bizi nahi eta ezinean dabilen, bere nortasunari eutsi nahi eta nola lortu ez dakien herri txikia gara eta.

1931n Ezkio(ga)n Ama Birjina agertu “omen” zen, Espainiako II. Errepublika sortu berriaren aurkako mezu sutsuekin, nekez hitz egiten baitu katolikoen Ama Birjinak ezkerraren alde, edo eskuineko diktaduren aurka. Gertakari haiek ospetsu bihurtu zuten gure herria inguru zabalean. Orain berriro entzutetsu egin da Ezkio-Itsaso. Zergatik eta Abiadura Handiko Trena (AHT) agertuko zaigulako… “opari” eta guzti: badirudi gurean izango duela hiriburuetatik kanpoko geltoki bakarra.

AHTren kontuan bi kexa handi ditut nik. Lehena: ez naiz atzera begira bizi den nostalgiko kontserbazionista sutsu horietakoa, baina ez dut ulertzen lehentasuna ematea tren eredu honi eredu “sozialago” bati eman beharrean. Bigarrena: behin proiektua gauzatzea erabakita, ez dut ulertzen gauzak hain gaizki egitea. Gure herrian denak ez dira bat etorriko lehenengo puntuarekin –ez baitut ahazten EAEko lau alderdi garrantzitsu alde dituela proiektuak–, baina gehienak bai ados bigarren kexarekin.

AHT: erantzunik gabeko galderak

AHTren kasuan “omen” eta “badirudi”-ka gabiltza, informazio egiaztatu oso gutxirekin. Zer kalkulu egin da Ezkio-Itsason geltokia jartzeko? Ez dugu ezagutzen bere tamaina, erabilera eta abar. Zer azpiegitura eta logistika eskatuko du inguruan? Hemen izango al da Nafarroarekin lotura? Zenbat jende erakarriko du gure artera? Nola integratu jende hori gurean? Lehen ere bai baitugu arazo hau! Galdera gehiegi airean, erantzunik gabe, eginahalak egin arren, oso datu zehatz gutxi baitu Udalak Ezkio-Itsason benetan egin nahi denaz. Edo inork ez daki, edo dakienak ez du esan nahi. Eta hain gardentasun eta argibide gutxi dagoenean, errazago ernetzen dira beldurra, kezka eta egonezina itxaropena eta baikortasuna baino. Tren hau aurrerapena izango dela? Gaur gaurkoz hori esateko bezainbeste arrazoi dago pentsatzeko AHTk aurrean eramango gaituela geure txikitasunean, sor dezakeen dinamikak zeharo gaindi gaitzakeela. Horregatik eskatzen dugu pedagogia gehiago, nagusikeria gutxiago, kaltetuekiko eta herri osoarekiko begirune eta gupida handiagoa.

Badakigu horrelako azpiegiturarik ez dela herri txiki baten neurrira egiten; gutxienez egia balitz Euskal Herriaren zati handi batentzat onuragarria izango dela, agian errazago onartuko genuke Ezkio-Itsason “pagaburuak” izatea. Nahiz eta lehendik ere “aurrerapenari” zerga handia ordaindutako herria izan: hemen dugu RENFEren Irun-Madril burdinbide zaharra, ondo komunikatzen gaituena Irun arteko herriekin, oso gaizki Gasteiz edo Iruñearekin. Baditugu bi errepide, zaharra eta berria, alderik alde zeharkatzen gaituztenak Beasain-Durango korridorean: berria edo saihesbidea ondo beharrezkoa zen, baina gaur egun, sosak aurreratzeko aitzakiaz, ez dira ulergarriak paisaian egin diren zauriak eta triskantzak. Badugu ere Iberdrolaren azpi-estazio elektrikoa, lurraldearen eta hirigintzaren garapen orekatua izugarri baldintzatu eta mugatzen diguna. Hori gutxi ez eta erantsi REDESAk Gueñesetik honaino ekarri nahi duen 400 kilovolteko linea elektrikoa. Gehitu horri plangintza gutxirekin egindako industrialde zahar eta kutsatzaileak …

A zer panorama edertasun bila ihesi gurera etorri nahi duzun horrentzat! Ez zaitudala seduzitu eta erakarri? Barka! Baina azpiegitura horiek guztiak, etxebizitza berri gehienekin batera, Zumarraga eta Ormaiztegi arteko Santa Lutzia-Anduaga-Alegia bailararen hondoan daude metatuta. Eta kota batetik gora txoko ederrak daude hemen zure zain. Hots, 1965ean maitasunez edo halabeharrez uztarturiko herri honek aurpegi ederragorik ere eskaintzen diola egun-pasa etorri nahi duenari.

Mandubian galdu zaitez

Biztanle gutxi gara (580 lagun 2008an) lurralde zabalean (21,3 km2): beraz, kilometro koadroko 27 bakarrik, Gipuzkoan 367 daudela. Hori berez ez da eragozpena, baina bai oso sakabanaturik egotea auzo askotan: Ezkio goian, Santa Lutzia-Anduaga behean; Itsaso goian, Alegia behean; eta Atxurtzaga-Kizkitza gainalde horiez bestaldean Mandubia dago bere historia luzeko benta ospetsuarekin. Ez duzula ezagutzen? Egidazu kasu, zeure burua edo lagunen bat mimatu nahi duzunean, zoaz bertara, egin otordu goxo bat eta “galdu” ordu batzuk inguruetan paseoan.

Ez dut bukatu: Matxinbentako 7-8 baserri ere gure udalerrikoak dira, eta besteak Azpeitia eta Beasaingoak. Bilgune nagusi bakar bat gabe hain barreiatuta egotea, herrian eskolarik ez izatea, ume-umetatik batzuek Goierri aldera eta beste batzuek Urola Garaira jotzea, oraintsu arte etxebizitza eskuragarririk bertakoentzat ez eraikitzea, kanpotik etorritakoak herrian nekez integratzea… horra, gure arazo potolo batzuk.

Baserriaren baserria

Nolanahi ere badugu erakargailu polit bat: Igartubeiti museoa, XVI. mendeko dolare-baserri zaharra, euskal baserriaren iragana, sagardoarekin izan zuen lotura eta abar ezagutzeko nahitaezko erreferentzia. Museoa sortu berritan ikusi bazenuen, geroztik egindako Interpretazio Zentroak beste osteratxo bat eskatzen dizu. Zer pentsa ematen du gero baserria “museo” bihurtuta ikusteak! Metafora kezkagarri samarra ere bada. Esan beharko dizut bertan ekarri gintuela amak mundura: oso familia behartsua ginen… hala ere, Igartubeitiko “Azken Baroia” nauzu! Zehatzago esanda, “el último varón”, atzetik arreba bakarrik jaio baitzen… eta txahalak, untxiak, katakumeak, txitak… Igartubeiti Fermin Leizaolari esker dago zutik –ondo merezita jaso du I. Ondare Saria–, eta orain, Foru Aldundiari eta gipuzkoar guztion zergei esker, denon etxea da.

Oraindik badira, ordea, fosildu gabe bizirik iraun nahi duten baserriak. Horietako bat ezagutu eta bertan nekazaritza ekologikoaren alde egindako apustuaren berri izan nahi baduzu, Ariztizabal duzu aukera bat. Esango dizugu nola iritsi bertara.

Herrian badira hiru baseliza: Santa Marina, San Lorentzo eta bereziki erakargarria, bere kokapenagatik, Kizkitzakoa. Bakoitzak du bere historia. Zer esanik ez bi parrokia-elizek: San Bartolomeri eskainia Itsasokoa, eta San Migel goiaingeruari Ezkiokoa. Balio dezenteko elizak dira, eta zerbait egin beharko genuke nahi duenak errazago bisitatzeko aukera izan dezan. Jendez hustu ahala, badirudi zinemagileentzako erakargarri bihurtu direla: Itsasoko elizakoak baitira Helena Tabernaren Berri Ona/La Buena Nueva filmeko hainbat eszena, eta Ezkiokoak, berriz, Gutierrez Aragonen Visionarios filmeko batzuk; azken honek, hain zuzen, 1931n Anduagako zelaietan gertaturiko ikuskariei buruzkoak kontatzen ditu historia eta fikzioaren artean. Herri-guneetara iristen zarenean, bai Itsason eta bai Ezkion, hor dituzu Herri Ostatuak, mokadu goxo eta trago ederrak egiteko moduan. Itsason berriz, ostatutik hurbil, Pott zeramika-lantegia, eta bertan “Itsasoko jainkosak” deitzen ditudan Jone eta Maite. Ongi dagokie titulua, zeren eta, Egile Gorenak gizakia lur-hautsez moldatu bazuen, bi emakume hauek ere mundu berriak sortzen baitituzte esku artean buztinez.

Artista berriekin batera, baditugu historia luzeko monumentu harrizkoak ere: bi urkabe edo pikota –bat Alegian, baina Gabiriako sailetan–, eta hiru gurutze, herri-sarrera edo bide-gurutzeetan egon ohi zirenak.

Baliteke norbaitek 1931ko gertakizunen jokalekua ezagutzeko interesa izatea. Ba, hortxe du hori ere, udaletxe atzeko maldan, AHTren igarobidetik oso hurbil. Bertan ikusiko du oraindik ere badituela jarraitzaileak Ezkioko Ama Birjinak. Dena den, ez dut oso atsegin txoko hori hartzen ari den itxura; ez zait iruditzen gune publiko batentzat egokia denik; beste kontu bat da kultu-leku pribatu batean bakoitzak zer egiten duen. Jakin-mina baduzu –eta benetan jakingarria izan zen gertaturikoa!–, errazago gomendatuko dizut Las Visiones de Ezkioga. La Segunda República y el Reino de Cristo (Bartzelona, 1977) irakurtzea: William Christian antropologo estatubatuarraren liburu hau oso azterlan serioa, ongi dokumentatua eta maila handikoa da, baina aldi berean irakurterraza; bikain aztertzen du fenomeno konplexu eta zabal hura historiaren, soziologiaren, antropologia erlijiosoaren, politikaren eta abarren aldetik; argazkiak ere ez ditu alferrik galtzekoak.

Aipaturikoak ikusteko, ongi seinaleztatuta, eta batzuk Mendi Federazioak homologatuta, beren informazio-panel eta guzti, hiru ibilaldi dituzu aukeran, antolatu berriak: Ezkio-Itsasoko itzulia Mandubitik, bata. SL-Gi 31: Kizkitza, Itsasoko Argia, bestea. Eta SL-Gi 32: Ezkioko dolare-baserriak, hirugarrena.

Animo, gure artera etortzen bazara, eskuzabalik hartuko zaitugu, daukaguna xume eta apal eskainiko dizugu, eta elkar aberastuko dugu. Ikusi arte!

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude