Preso ohia karrikan doala preso balitz bezala begiratua sentitzen omen da. Zure kasua al da?
Kontziente edo inkontziente hori gertatzen da, ziur. Beti neurtzen dituzu gauzak beste gisa batez. Presondegiak laguntzen du urruntasun bat hartzen, gauzak ikusten dituzu urruntasun batetik. Presondegiak eragiten du pertsonaren geroan bistan da, alabaina, nik ene burua ez dut preso bezala sentitzen, ezta preso ohi bezala ere. Baina ziur da eragina baduela ene gain, ene izateko maneran, gauzak ikusteko maneran, ziur, zein heinetaraino ez dakit alta.
“Behar dena egin dugu, behar zen mementoan eta behar zen bezala”, erran duzu inoiz. Borroka armatuaz ari zinen naski, IKren zereginaz.
Dena egin dugula behar zen bezala erraitea sobera da, bistan da. Baina egin duguna egin dugu zintzoki, euskal militanteak bezala, abertzale gisara, Euskal Herriaren onetan gure irudiko. Egun 30 urtetako borroka baloratzen dugunean, IK-k zerbait ekarri duela iruditzen zaigu. IK-k zerbait ekarri zuela Euskal Herriari euskal kontzientziaren indartzen eta hedatzen, euskal mugimenduaren indartzen, eta euskal izatearen iraupenari buruz. Garai bateko hautu bat izan zen, orduan egin beharreko hautua zela iruditu zitzaigun. Euskal Herria kinka larrian zelako, desagertzeko arriskuan...
Gaur egun puntu anitzetan aitzinatu gara Ipar Euskal Herrian. 30 urtez egitura franko eraiki dugu eta tresna horien bidez borroka segitzen ahal dugu. Egun borroka armatua ez da baitezpadakoa, baina beste gisa batez segitzen ahal dugu borrokan, helburu bereei buruz. Lanean segitu behar dugu, gure xedeak ez baitira oraino erdietsiak.
Hegoaldeko egoerari buruz zer iritzi duzu?
IK sortu zen Iparraldeak bere toki osoa har zezan Euskal Herriaren eraikuntzan, hori izan zen burutapen eta nahikeria nagusia. Eraikuntzak erran nahi du Euskal Herriaren osoaren eraikuntzan inplikatzen garela. Hegoaldeko egoera nola ikusten dudan? Hertsia dela, egoera gakotua dela. Argi da Madrilek ez duela negoziatu nahi. Orduan, egungo galde nagusia hau da, nire ustez: nola atzeman aterabidea? Erakundeak azken agirian ere hola dio, edo irakurketa hori egiten ahal da: “Aterabide bat xekartzen dugu edo nahi dugu atzeman”, irakurri dut nik. Nire ustez, aterabide hori euskaldunen artean atzeman behar dugu. Ez dugu Madrili beha egon behar. Iparraldeko esperientziak edo IKren esperientziak balio badu, erran dezaket, guk atzeman behar dugula, ez dugula etsaien beha egon behar. Guk ikusi behar dugu zein den hautu egokiena eta horren arabera jokatu behar dugu Euskal Herriaren eraikitzeko.
Hori da puntu bat. Baina bestea presoen egoera larria da. Hainbeste kide hainbeste urtetan preso egotea... Puntu eta arazo premiatsuenetarik bat da. Ez bagara gai gu, abertzaleok euskaldunok, gure kideak, anaia-arrebak libratzeko, Euskal Herrira ekartzeko, nola eraikiko dugu Euskal Herria? Puntu biziki minbera da, hurbiletik hunkitzen nau. Nola ekarrarazi kide horiek Euskal Herrira?