argia.eus
INPRIMATU
Beste harresiak
Juan Mari Arregi 2009ko azaroaren 19a
Berlingo Harresiaren birrinketa, orain hogei urte, protagonista izan da aurreko astean mundu osoko hedabideetan. Batzuek eta besteek, hipokresia gutxi gehiagorekin, Berlingo “lotsaren harresia” desagertzea ospatu dute. Han, birrindutako harresiaren ondoan, Europako politikari garrantzitsuenak agertu dira. “Askatasunaren garaipena” aldarrikatu dute, komunismoa eta sozialismoa, bere horretan, diktaduraren eta totalitarismoaren sinonimo izango balira bezala. Eta ahaztu egin dute, kapitalismo basatiaren kudeatzaile direnek, harresi mingarriago eta basatiagoak sortu dituztela eta sortzen ari direla mundu osoan barrena. Ez gara ari soilik gaur egun munduan existitzen diren harresi politikoez: Zisjordanian palestinarren kontrakoa; AEB eta Mexikoren mugan immigranteen kontrakoa; Mendebaldeko Saharan Fronte Polisarioaren kontrakoa; bi Koreen artekoa; Ziprekoa; gertuago, Espainiako Estatuan, Ceuta eta Melilla banatzen dituen hesia Marokotik datozenen kontrakoa; Euskal Herrian ere, “politikari demokratek” kudeaturik, bada inposaturiko beste harresi bat gure Herria banatzen duena...

Diskriminazioaren harresiez ere ari gara: lanagatik, arrazagatik, erlijioagatik, elbarritasunagatik, orientazio sexualagatik... Europako 30 estatutan egindako inkesta batek dio herritarren %17ak baieztatu duela noizbait arestian aipaturiko diskriminazio horietako baten jomuga izan dela. Espainiako Estatuaren kasuan, galdekatutakoen %70 beldur da krisi ekonomikoak ez ote duen lan merkatuan diskriminazioa handituko. Eurostat-en arabera, bederatzi hilabetean behin-behineko 1,7 milioi lanpostu galdu dira Europan. Harresi moderno horiek sortu ditu kapitalismoak, eta horien kudeatzaile politikoak garaipentsu eta hipokrita agertu dira orain, Berlingo Harresi birrinduaren ondoan