Aspaldi “irten zineten partituratik”? Zer baztertu behar izan duzue?
Gizartean partitura asko erabiltzen dira eta gustuko ez baditugu, bestelakoak ateratzen ditugu gauzak gure modura egiteko. Batez ere, “rockstar” izateko ametsa baztertu dugu. Ilusio horrek musikari asko bultzatzen ditu aurrekoen bidea jarraitzen –diskoetxe batekin kontratua, SGAEn sartu, managementak…– eta guk erabaki genuen hori gure bidea ez zela. Jadanik ez dugu honetaz bizi nahi, eta idatzi eta jo besterik ez dugu nahi.
Zer gehitu dio Urtzik taldeari?
Batez ere musika ulertzeko beste era bat. Bera oso heavy klasikozalea da eta horrek bestelako ukitua eman dio gure musikari. Horretaz aparte, ilusio handiarekin sartu zen, eta horri esker, baxua inoiz baino landuago dago. Urtziren lanarekin oso harro gaude.
Izan ere, nahiz eta thrash-metala zentzu zabal eta bortitzean landu, zenbait kantuk kutsu epiko nabaria daukate ahots eta melodietan.
Ados zaudete?
Bai, erabat ados. Disko honetan musika klasikoko tresna asko erabili dugu –koralak, biolinak, biolak, tronpetak, tubak…– eta horrek epikotasun puntu hori ematen du.
Metalero gogorrak, literaturazaleak eta xake pentsalariak. Metal mundu “izoztuari berotasuna ematen” saiatzen zarete?
Metal munduari baino, egiten dugun guztiari nolabait gure berotasuna ematen saiatzen gara, bai talde bezala, bai pertsonak bezala. Norberarentzat gordetzen badugu gure beroa, mundua izoztu egingo zaigu.
“Landu gabeko lurretan lan egiteaz harro”. Emaitzak jasotzeko unea da hau?
Emaitzak lehenengo egunetik jasotzen hasi ginen. Poz handienak bi motakoak dira: diskoa grabatutakoan eta kontzertuetan. Diskoa bukatu ostean, ordu eta une txar guztiak ahaztu egiten dira; eta egindakoa entzutea izugarria da. Eta edozein kontzertutan, norbait etorri eta gustatu zaiola esatea, nahikoa da guretzat.