Ponseti doktorea, ume oin-okerren zaindari gorria

  • Munduan urtean 150.000 haur sortzen dira “oin ekino” deitu oin okerrekin. Horiek ia guztiak senda litezke erraz eta minik gabe hil berria den Antonio Ponseti doktoreak 1963an ezagutarazitako terapiarekin. Kaso gutxi egin diote, ordea, 46 urteotan zirujauek jakintsuari.

Antonio ponseti vives bulegoan hil zen urriaren 18an 95 urterekin: lanean ari zela egin zuen erorikoa. Gure inguruan El País egunkariak eskainitako obituarioak ezagutarazi dizkigu doktore errepublikanoaren bizitzako zertzelada batzuk, baina Los Angeles Timeseko hil-oharrean eta batik bat Iowako unibertsitatearen webgunean eskaintzen den biografiak aurkitzen ahal dira mediku aitzindari eta ezkertiar engaiatuaren erretratua egiteko osagaiak.

Ponseti doktorea Internetek salbatu du, beste jende interesgarri ugari bezala, garaikideen ahaztura bidegabetik. 2000.etik aurrera munduan “oin ekinoa” izeneko malformazioarekin (gaztelaniaz, pie equino-varo edo pie zambo, frantsesez pied-bot, ingelesez clubfoot) sortzen diren milaka haurren gurasoen artean zabaltzen joan zen AEBetako Iowan bazegoela mediku bat mirariak egiteko gauza zena.

“Miraria” irakurri diogu horietako guraso bati, Ekuadorrekoa, bere umearen arazoaren konponketaz ari zela. Doktoreari “aingeru goardakoa” ere deitzen zion. Egia esan, Ponsetiren lanean miraririk ez zen baina bai arazoari logika ezberdin batetik erreparatuta emandako soluzio oso eraginkorra.

Malformazio honekin munduratzen diren haurrek bi oinak dauzkate barru aldera okertuak. Urte luzez, 1921ean Arthur Steindler zirujauak lehenbizikoz egin zuenetik, operatu egin izan dira oinok. Aldiz, Ponsetik aspalditik bestelako sistema zerabilen: lau urtez azpiko haurrei ortopediako sistemak erabiliz zuzendu oinak, kirurgiarik gabe.

Erlojugilearen semea izaki, eskuetako hatzetan sentsibilitate handikoa, eta gainera anatomiaren ezagutzaile aparta, Ponsetik haur oin-okerroi lehen asteetan igeltsuzko moldeak ezartzen zizkien, oinetako hezur oraindik bigunak manipulatu ondoren. Astetik astera igeltsua jarri, hezur ttipiak manipulatu, igeltsu berria ipini... hilabetetan luzatzen zen prozesua, bukaeran opo ondoko tendoiari ebaki txiki bat egin eta dena bukatzeko.

Oin ekinoak artatzen 1940etatik ari zen Ponseti, eta 1963an aldizkari zientifiko batean plazaratu zituen asmatutako teknika eta lortutako emaitzen informazioa. Ez zion inork kasurik egin. 1996an liburu batean bildu zuen informazio osoa: “Sortzetiko oin ekinoa: oinarriak eta tratamendua”. Hark ere oihartzun apala izan zuen.

Baina ordurako AEBetan barrena ahoz aho zabaldua zen doktore zaharraren sistema, eta ehunka guraso hurbiltzen ziren Iowako unibertsitatearen klinikara laguntza eske. Interneten sorrerak zabaldu zuen gurasoen informazioa munduan barrena. Medikua ia mendea osatzeko adinean zendu da, baina ordurako AEBetako ortopedisten elkarteak tratamendu nagusitzat onartuta zeukan Ponseti metodoa, fundazio bat bada bere izena daramana, badira metodoa ikasi eta praktikatzen duten doktoreak munduan...

2006an Chicago Tribune egunkariak galdetu zion Ponsetiri ea zergatik uste zuen hainbeste berandutu zela bere metodoaren hedatzea: “Badakizu –erantzun zuen ironia apalez– zirujauek asko maite dituzte beren kutxillo txikiak”.

Gerrako medikuntzaren lezioak

Medikuen establishmentarekin noizbait borrokatu duen herritarrarentzako daukan erakargarritasunetik haratago, Ponseti doktorearen biografiak badu bestelako mamirik. Baleareetako Menorcan sortua eta mutiko oso bizkorra, Bartzelonan egin zituen mediku ikasketak. Titulua 1936ko uztailaren 17an eman zioten, gerra lehertzeko bezperan.

Errepublikaren alde borrokatu zen mediku lanetan, eta amaieran kapitain gradua zeukan. Eriak eta zaurituak gerrako baldintza latzetan artatzen ikasi zuen. Esate baterako, zauriak gangrenatu ez zitezen –orduan ez baitzen antibiotikorik– zauriak antiseptikorik erabili gabe  agerian edukiarazten zituen, AEBetan Orr izeneko doktore batek asmatutako sistema aplikatuz.

Gerra galduta atzeraka, Pirinioak zeharkatu zituen azken 40 zaurituekin. Biografoek diote mugalariak eta bigarren ofizialak iheslariak abandonaturik utzi zituztela bortuan, baina denek lortu zuten onik iristea Ipar Kataluniara 26 urteko kapitain medikuaren manupean.

Frantziatik Mexikora pasatu zen gero. Hiriburuan lanik ez eta Popacatepetl sumendi inguruko herrixka batean kokatu zen. Mixeria gorrian bizi ziren hango baserritarrak eta sendagileak apenas zeukan eskueran botikarik: gerrako medikuntza praktikatu behar izan zuen berriro.

Mexiko hiriburura egin zuen bidaietako batean Durem doktore lagunak abisatu zion, joateko lasterka halako ospitalera, politikari famatu bat zauritua zutela kaskezurrean piolet batekin. Ailegatu zenean Ponsetik hilotz aurkit zuen Leon Trotsky... gazteagotan Espainiako gerra garaian hark militatu zuen mugimenduaren sortzailea!

Beranduago, jaiotzatik oinetako arazoak zituen eta kirurgiak sendatu ez zuen doktore baten aholkuz, Iowako unibertsitateko Ortopedia sailera iritsi zen. Bartzelonako tituluak ez zion deusetarako balio han, eskolako zertifikatua baizik ez duen beste edozein herritarren pareko zen Ponseti, baina elkarrizketatu zuten irakasleak azkar ohartu ziren haren balioaz, eta lanean jarri zuten. Oin ekinoetarako kirurgia asmatu zuen Steindler doktorearen sistema ebaluatzea izan zuen lehen egitekoa.

Umetan operatutakoen arrastoetan arakatu zuen, gorpuak aztertu, historietan ikertu. Emaitzak ez ziren pozgarriak: haur batzuek bigarren operazioa jasan behar zuten, askok oinaze latzak zeuzkaten, artrosiak, artritisak, herniak... Operazioa ez zen soluzioa.

Ume hanka-bihurrien arazoa sakonago ulertzea izan zen hurrengo urratsa. Malformazioa haurdunaldiaren azken hilabeteetan gertatzen dela ohartu zen, baina jaio ondoren lehenbiziko urteetan hezur okerrok oso bigunak direla, gainera lotailuetan kolagenoa badela baimentzen duena lotailuok luzatzea.

Begizko eta ikutuzko ezagutza horretatik abiatuta hasi zen Antonio Ponseti ahalegin berrian: ume ttikiaren oinetako lotailuak pittin bat manipulatu, posizio berrian egun batzuez igeltsutan loturik finkatu, ondoren askatu eta pittin bat gehiago manipulatu, berriro igeltsuztatu, eta abar.

95 urte beteta lanean segitzen zuen Ponsetik, astean hiru egunez. “Medikuek betidanik manipulatu dituzte oin okerrak, Hipokratesen garaietatik, baina gaur askok ez dakite nola dabiltzan giltzadurak”, esan zuen duela bi urte. “Dagokien lekuan zanpatu nahi dituzte hezurrak, besterik gabe. Baina zuk kapaz izan behar duzu hezurretako bakoitza zure hatzekin sentitzeko. Pianoa jotzea bezalaxe duzu”.

Argazki oina: Antonio Ponseti Vives doktorea kontsultara ekarritako mutiko ttiki bat besoetan duela, Iowako unibertsitatearen webguneko erretratu batean. Medikuarengana urrundik ehunka familia umeak hartuta hurbiltzen zirela eta, harrera zerbitzu berezia antolatu behar izan zuen Iowako unibertsitateko klinikak. Ekuadorreko guraso batzuek Pie equino varo Ecuador - Mis patitas izeneko blogean kontatu dute sorterrian medikuak barre egiten zuela Ponsetiren sistemaz, kirurgia beste biderik ez dagoela argudiatuz: operazioa, iltzeak hezurretan, seguruenik arazoak bizi osoan... Labanazko soluzioen maitaleek mesprexatzen zuten, eta aldi berean beste batzuek azken urteetan doktore zaharrari aurpegiratu zioten bere metodoa aski indarrez ez promozionatu izana. Horrelakoak dira.

Informazio gehiago:


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude