argia.eus
INPRIMATU
Nortasun krisiari jarriak
  • I
    Igogailuko lau hormen barrenean,
    jorratzen ditugun gaien top ten-ean
    aldatu egin da zerrenda:
    ez hauteskundeez, ez negu gorriaz,
    ez Maria Luixaren amante berriaz…
    krisiaz hitz egiten da.
Aitzol Barandiaran 2009ko azaroaren 15
Aitzol Barandiaran
Aitzol BarandiaranXDZ / Alberto Elosegi
II
Ulertzeko gauza direnez bi katu,
zure buruari nola esplikatu
zer baden eta zer ez den?
Ala, Jesukristo, krisia, Mahoma,
Vatikano, Meka, kajeroko horma…
Ikas ezazu sinesten!

III
Pentsa zeinek ostu dizkigun kolpetik
pago-adar eta ordularitatik
kuku txintxin emaleak?
Burtsak! Euriborrak! Dow Jones indizeak!
Txintxo aurpegia duen IPC-ak!
… ta ezker abertzaleak!

IV
Nola klinki-klanka dominoko fitxak
hala jausten dira langile bizitzak
nagusien mahaietatik.
Kupoirik gabeko loteria hontan,
zenbat kolokatu dagoen kolokan,…
Libratuko al zara?... Klink!

V
Gaztetan fabrikan sartu zinen baina
Wall Street-en hobe zeunden alajaina,
ohartu baitzinen laster:
“zergatik aurrezten horrenbeste neke?
Erregeen pare bizi baninteke
Osaba Kutxari esker”.

VI
Emanak buelta zor duela ahantzita
herrikoan zeunden North Face-ez jantzita
zuritoa konbentzitzen:
- “Pagotx ederra duk mailegu kontu hau!”
- “Eskatu beste bi! Ze bi? Eskatu lau!”
(ta lehen sozialista hintzen…).

VII
Harrapa ez zezan hegan zahartzaroak
kabi bat nahi zuen gure pajaroak
ehun metro karratukoa!
Ez alokairu ta horrelako gauzak,
urrezko kaiola nahi zuen, arrautzak
kabitzeko modukoa

VIII
Urezko koltxoia, besaulki gorrixka,
NASAn sartzen ez den plasma telebista,
ta garajetik kanpora
atera denean Mercedes Vito-a,
nola igo zaizun interes tipoa!
Gutxirako izango da...

IX

Gaur lanetik deitu zaituzte esanez,
ERE deitzen duten zerrendan zaudenez
bihar ez joateko hara.
Hori egin edo bidali kalera
dago alde edo distantzi berbera
Gasteiztik Vitoriara.

X
Hipotetikoki hipotekakada
epekako kaka hipnotikoa da...
Baneuka eta banintza!
Agur kokaina, agur furgoneta,
Agur Realeko sozio karneta,
ze gogorra den bizitza!

XI
Yo no soy tonto”-ak, neoizko eskaintzak…
Ez al hintzen gose? Ba, orain jan hitzak.
Zer uste huen, txikito!
Jada gerrikoak, aski zulo ez du
gerria lotzeko behar bezain estu
lepoan jarri ta (k)ito!