Euskara kolonbiar erara

  • Hirugarren adineko pertsonak zaintzeko eskaera handia da, geroz eta gehiago bizi baikara. Eta zaintzaile horiek, sarri, latinoamerikarrak dira. Kasu askotan, egun osoa elkarrekin pasatzen dute adineko euskaldun zaharrak eta Hego Amerikako laguntzaileak, paisaia linguistiko bitxia osatuz.
Mikel Garcia
Chisme-ei buruzko telebista saioak ikustea atsegin du Juanita Aldaiak, Hondarribiko Alde Zaharreko bere etxean chisme deitzen baitiete txutxu-mutxuei. 89 urteko emakume honek badaki ahorita ez dela orain, geroxeago baizik, eta párese hitzak ez duela esan nahi geldirik egoteko, zutik jartzeko baizik. Dora Betancourt zaintzaile kolonbiarra duenetik behintzat, hala da bere etxean. Hasieran, kosta egin zitzaien elkar ulertzea, batez ere hondarribiarrari, Juanita Aldaiaren semeek zaintzaileari jakinarazi zioten arte –amari lotsa ematen ziolako zuzenean aitortzea– ez ziola gehiegi konprenitzen.

Orain, ondo moldatzen dira hizkuntzarekin, eta Betancourtek hitz eta esamolde ugari ikasi du euskaraz. Attona Joxek –horrela deitzen dio Dorak Juanitaren senarrari– buruko gaitza du duela lau urte pasatxotik, ahaztu egiten zaio zaintzaileak ez duela euskaraz hitz egiten eta hondarribiera jatorrean mintzatzen zaio. Are gehiago, Joxe Errazkini ez zaio gustatzen Betancourtek bizarra mozterik eta halakoetan purrustaka hasten da, euskaraz bereak eta bi esanez; hitz itsusi horiek buruan gorde eta etxeko andreari galdetzen dizkio zaintzaileak. “Hori esan al dizu?”, lotsatu ohi da Juanita Aldaia, eta barrez bukatzen dute biek, botatako madarikazioak argitzen. Biraoak ondo ikasi dituela azaldu digu Betancourtek.

Hori bai, irakasle zorrotza du zaintzaileak: burua ondo daukanetan, hitzez gain ahoskera zuzentzen dio Errazkinek, “s-ak eta z-k ez ditugulako Kolonbian ondo bereizten”. Gustura aritzen da Errazkin Betancourtekin maisu lanak egiten, ‘edan’ esan beharrean ‘adan’ esan duela eta halako hitz aldrebestuak barre artean zuzentzen. Jakin-min handiko pertsona da Dora Betancourt, dena galdetzen du, etxeko senar-emaztea solasaldian ari direnean, edota euren semeekin mintzatzen direnean, belarria jartzen du, eta berba anitzen esanahia eskatzen du ondoren. Bere herrira telefonoz deitzen duenean senideak harritu egiten dira batzuetan, hitz egiteko era aldatu duela-eta.

Azken finean, entzumena eta mintza-praktikak primeran datozkio Dora Betancourti: hainbeste ordu Aldaia eta Errazkinekin egoteak erraztu egiten dio alaba ulertzea. Izan ere, euskaraz eskolatu du lau urteko alaba, eta hau ere hitzak eta ahoskera zuzentzen hasi zaio dagoeneko. Argia bidaltzen diegunean, erreportaje hau itzuliz praktikatu dezatela esan diegu, baina euskara zailegia darabilgula erantzun digu Juanita Aldaiak, berea bestelako euskara dela –gurea baino aberatsagoa, ez dugu dudarik–. Beraz, herriko hizkera eta ukitu kolonbiarra uztartuz jarraituko dute Hondarribiko Alde Zaharreko etxe honetan.

Telenobelen itzultzaile

Desberdina da Martina Zabalaren eta Fernanda Zorrillaren kasua. Errenterian bizi arren, Aranoko baserri batean jaioa da Zabala, eta bertako euskara joria mantentzen du seme-alabekin, baina gaztelania hutsean aritzen da zaintzailearekin. “Ez du euskaraz ikasi nahi izan eta beraz, castellanoz behar”, adierazi digu Zabalak irribarre goxoarekin. Landu enpresak jartzen dizkio zaintzaileak eta orain arte, denak hegoamerikarrak egokitu zaizkio. Zabalaren alabaren hitzetan, amak ez du inoiz arazorik izan eta oso ondo hartu ditu laguntzera etorritakoak, izaera ere halakoxea baitu.

Fernanda Zorrillak (kolonbiarra hau ere) urtebete eman du aranoarrarekin eta aipatu digu oso zaila egiten zaiola hizkuntza, ez duela inoiz interesik jarri ikasteko, ezta etxeko andrea seme-alabekin ari denean entzuteko ere. Gehienez ‘agur’ esaten du, dendatik ateratzean.

Hartu-eman kulturala, dena den, ezin izan dute saihestu, egun osoa elkarrekin egonda. Nafarroako mugako herria izanik, Aranoko garai bateko kontrabandoaz hitz egiten dio 96 urteko emakumeak, anaiak pilotan jokatzen zueneko istorioak kontatzen dizkio, Espainiatik egin dituen bidaiak gogoratzen ditu… Eta zaintzaileak Kolonbiako bizimoduaren eta giroaren berri ematen dio. Ez hori bakarrik, musika biziki atsegin du Fernanda Zorrillak eta Bilboko irrati-kate latinoa jarri ohi du etxean: “Eta bestela, saltsa, merengea, ballenato… Edozer gauza kantatzen diot belarrira, eta dantzan egiten dugu. Berak dio zaharregia dela, baina oraindik dantzan egin dezakeela erantzuten diot nik, eta mugitzen hasten da, nirekin batera”. Bazkalosteko telenobela latinoamerikarrak ulertzen ere, lagundu egiten dio Zorrillak Zabalari.

Telebistako saioez, kaleko kontuez eta azken berriez solas egin ohi dutela argitu digu Martina Zabalak, beti ere gaztelania erabiliz, euskaraz ez zekien praktikantea Aranoko baserrira agertu zenetik pixkanaka ikasi duen castellanoa erabiliz. Nonbait, asko galdetu diegu hizkuntzaren inguruan, bisita bukatu eta handik egun batzuetara jakin dugulako ondorengoa: atetik irten bezain laster, Zabalak zaintzaileari esan dio euskaraz irakatsi nahi diola. Datorren urtean errepikatu beharko dugu bisita.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude