argia.eus
INPRIMATU
Hiria desegiten
Xabier Etxaniz Erle 2013ko maiatzaren 02a
Xabier Etxaniz Erle
Xabier Etxaniz ErleAlex Larretxi
Duela urte batzuk Eusko Jaurlaritzak kanpaina bat jarri zuen martxan denda txikien –edo betiko denden– alde. Denda txikiek auzoa, kalea, bizirik mantentzen laguntzen zutela zioen iragarkiak.

Harrez gero arreta handiagoz jarraitu dut denda txikien eboluzioa ni bizi naizen hirian, Gasteizen, eta ikusi ahal izan dut kaleak eta auzoak hiltzen ari direla eten gabe. Baina egoera horren arduradunak, edo errudunak –bakoitzak nahi duen bezala irakur dezala– ez dira hiritarrak bakarrik, edo gure bizimoduaren aldaketagatik izan soilik; arduradun politikoek asko dute esateko eta beren jokabidearen ondorio nahiko zuzena da gaur egun bizi dugun egoera.

Gasteizen 1960ko hamarkadaz geroztik hiria eten gabe zabaldu da. Lehenengo bi hamarkadatan nahiko bat-batean, immigrazioaren ondorioz, Gasteizen inguruko industrializazioaren ondorioz; geroago, berriz, moteldu egin zen hazkundea eta 90eko hamarkadan Lakua auzoa egiteari ekin zitzaion. Ehun mila pertsona hartuko zituen auzo berria zen 60.000tik 200.000 biztanletara pasa zen hirian. Lakuak, baina, ez du lagundu Gasteizko populazioa handitzen, barneko jende mugimenduari erantzun dio neurri handi batean, eta gaur egun Gasteizen 230.000 biztanle bizi gara.

Kontua da Lakuaz gain beste bi auzo erraldoi eraiki direla hirian azken bost-hamar urteotan, Salburua eta Zabalgana. Milaka etxebizitza... populazioa handiturik ikusi ez duen hiri batean. Honek, jakina dispertsio ikaragarria ekarri du, auzo berri batzuetan jende gutxi bizi da –eta ez dute zerbitzurik– eta auzo zaharretan gero eta “zulo” gehiago daude: dendak itxirik eta etxebizitzak hutsik.

Eta honek guztiak zenbait galdera sorrarazten dizkit: zenbatean handitu da udalaren gastua hirian? Zenbat gizarte-etxe berri egin behar dira, zenbat farola gehiago jarri, zenbat anbulategi, eskola, haurtzaindegi... populazioan igo ez den hiri batean? Dispertsio honek kalitate handiagoa ekarri al die Gasteizko biztanleei? Zer nolako eragina du hirian, hirigintzan, garraio behar berriak? Etxebizitza unifamiliarren politika horrek nora garamatza? Eta, batez ere, nork ordaindu beharko du honegatik? Irabazi, argi eta garbi dagoelako eraikin enpresek irabazi dutelako horrekin, baina susmoa dut ordaindu, denok ordaindu beharko dugula –eta ez dirutan, preseski– hiri desegite hori.