argia.eus
INPRIMATU
Gidari txarra izatea gene kontua ote?
Joxerra Aizpurua Sarasola 2009ko azaroaren 15
Errepidean, egunero ez bada, askotan topo egiten dugu sustoren bat eman edo tontakeriaren bat egiten duen norbaitekin. Batzuek barkamena eskatzen badute ere, beste hainbeste dira egindako hutsa onartzen ez dutenak.

Kaliforniako Unibertsitateko ikerlari batzuek, talde-portaerak aztertzen ari zirela, kasualitatez emaitza harrigarriak topatu zituzten automobila gidatzeko erari buruzko proba batzuetan. Aipatzen ez duten gene batean aldaketak zituzten pertsonek  besteek baino emaitza kaxkarragoak –%20 kaxkarragoak, hain zuzen– lortzen zituzten gidatzeko baimena eskuratzeko testetan.

Azterketa AEBetan egin zuten, eta aztertutako populazioa txikia da edozein ondorio zientifiko fidagarri ateratzeko, baina kontuan hartzen badugu AEBetako populazioaren %30ak aldaketak dituela arestian aipatu genean, gidaritzako modua arakatzeak uste baino emaitza interesgarriagoak izan ditzake; izan ere, gene-aldaketak memoria galerarekin zerikusirik duelakoan baitaude.