Joxemari Ostolaza
Omen daude paperezko hedabideak. Aste honetan horietako hirutik jaso dut aldarria, kolaboratzeko eskaintza. Ez naiz ni horien zale, ez naiz inoiz erosle izan. Bere bertsio digitalera pare bat aldiz joana nauzue kuriositatez, Interneten eskaintzen dizkidaten erraztasunak baliatuz. Erosten ditudanak ditut zigor, edozeinek irakurri baititzake digitalean dohain, paperezkoaz gain bestelako idatziak barne. Hala ere, paperezkoa behar dut irakurri bere osoan begi aurrean dudalarik eskuetako hatzen puntak tintaz zikinduz. Lehen gainbegiradaz soa zehaztu eta atzekoz aurrera ekarriz irakurketa hautatua egin. Maite dut mahaiaren gainean ezarriz, itzuli-mitzulika sailez sail bidaiatzea. Eta egunean zehar, leku jakinean kontsultagarri edukitzea nahi dut, ordenagailura ez dakit zeren bila, izan agenda, zinema kartelera edota telebista kateen programazioa begiratzera joan gabe. Inoiz norbaiten artikuluaren xehetasun bat berrikusi nahi baldin badut, eskura nahi izaten dut edukitzea. Guztia, euro eta gutxi. Kafe bat. Ez dut Interneten irakurritakoa ordaintzeko ohiturarik eta behartzen nautelarik paso egiten dut penik gabe, edukiak berdintsuak baitira. Lanketa gutxi, propiotik gutxiago. Antz handiegia beren artean. Kazetaritza da azkenetan dena idazkaritzaren indarrez.