Askok uste dute punk-rocka egiten dutela patroi batzuk jarraitzen dituztelako; ez da horrela
Zer daukazue zuk eta Capsulak amankomunean?
Nire grabazio estudiora etorri zirenean beraietaz gehien gustatu zitzaidana kantuak izan ziren, eta erritmoaren eta soinuaren arteko nahasketara hurbiltzeko daukaten modua. Badago sentsibilitate bat, hitzekin azaldu ezin daitekeena, musikaren bidez komunikatzen dena. Are gehiago, Capsulakoek ideia bat daukatenean ez dute etsitzen hori lortu arte; hori ere gustuko dut.
Punk-rocka aspergarriegia da? Esperimentazio eta askatasun handiagoa behar du?
Musikari askok uste dute egiten dutena punk-rocka dela, patroi batzuk jarraitzen dituztelako, baina ez da horrela. Punk-rocka ez da musika estilo bat, jarrera bat baizik. CBGBren hastapenetan talde ugari geunden eta bakoitzak bere estiloa egiten zuen. Ramones-en estiloko musika egiten baduzu, ez da punk-rocka, Ramonesen estiloa baizik. PJ Harvey punk-rocka da? Bai horixe! Lucinda Williams punk-rocka da? Bai!
Rockean urte ugari daramatzazu. Zerk laguntzen dizu musika egiteko ilusioari eusteko?
Oso garrantzitsua da zu kanal bat zarela jakitea; musika ez dator zugandik, baina zure bitartez irteten da kanpora. Horregatik, ezinbestekoa da zure pena, barre eta malko guztiak jartzea idazten eta jotzen duzunean. Horretaz ohartzeak asko laguntzen du. Bestalde, 13 urte nituenetik jotzen dihardut, eta ordurako erakutsi zidaten agertokian egotea pribilegioa dela, eta hala jokatu behar dela. Ez du axola agertokia txikia edo handia bada, niretzat etxean egotea bezalakoa da; eta guztia eman behar diezu zu entzutera etorri direnei.
Zure lana “NYeko soinu” gisa definitu dezakegu?
Disko hau oso urbanoa da, baina ez dauka NYekoa izan beharrik. Bilboko kaleetan ere inspirazio handia hartu dut. Disko honetan batu ditut kultura eta jende asko bizi den hiri batean bizita jaso daitezkeen sentimendu eta ikuspegiak.