Aitor Zabaleta
Epailearen aurretik pasa ondoren, Polizia Nazionalaren kalabozoetara eraman dute Abdu Willy. Duela hiru aste atxiliotu zuten eta, estradizioa eskatuta, Madrilera eraman dute. Lehenengo aldia da kostaldeko herrixkatik ateratzen dela, nora eta Europara preso. Beldurtuta eta ahulduta, ia ez du indarrik ziegarako bidea egiteko. Ustekabean, zirrara handia sentitu du burdinen atzean mutil beltz bat ikusita. Hurbilekoa somatzen du, senide edo lagunen bat bailitzan. Hura ere afrikarra da, itxuraz mendebaldekoa, pentsatu du. Goizera arte elkarren ondoan egongo dira kalabozoan, bata Somaliakoa, bestea senegaldarra.
Pirata asko dago lurrean, airean eta itsasoan, baina gizajoenek bakarrik bukatzen dute preso.
* * *
Aladji Mbengue 29 urteko senegaldarrak sei hilabete pasako ditu Basauriko kartzelan, kopiatutako musika eta pelikulak saltzeagatik. Horrez gain, 900 euroko isuna ordainduko du, eta SGAE autoreen elkarteari 650 euroko kalteordaina eman beharko dio. Hori gutxi ez, eta Europatik botako dute hiru hilabete barru presondegitik ateratzen denean.
Pirateriaren kontrako borrokan egurra ahulenentzat, nahiz eta kalean saldutakoa legez kanpokoaren ehuneko hamar besterik ez izan. Jabetza intelektualaren defentsan urrutiegi joan dira batzuk, inkisidore bihurtu dira, eta etsaiak ez dituzte ondo identifikatu. Norbaitengana jo behar, eta zer hobe babesgabekoak baino.
Denok daramagu pirata txiki bat barruan, ondo disimulatua, baina beti prest aukera txikiena sortzen denerako. Ordenagailuaren anonimotasunean, milioika piratakeria egiten dira Interneteko itsaso zabalean, baina somaliarrek eta senegaldarrek daramate etiketa.
* * *
Kalean, egun argiz eta nahita, delitugileen konplize naiz. Ezagunak ditut Debako hondartza inguruan ibiltzen diren hainbat senegaldar, ondo dakit zenbat estimatzen duten norbaitek kasu egitea. Wolof hizkuntzan “kaixo, zer moduz” esan, eta pare bat CD erosi diet. Shakiraren eta Alex Ubagoren azkenak. Zergatik 20 euro ordaindu bakoitzagatik, abesti bat edo bi bakarrik gustatzen bazaizkit? Afrikarrei erosiko ez banie ere, ez nituzke dendan erosiko. Horretaz pentsatu beharko lukete egileen defentsan dabiltzanek. Egileek euren eskubideak dituzte, noski, eta kontsumitzaileok ere bai. Eta batez ere, denok daukagu bizimodua aurrera ateratzeko eskubidea, baita afrikar kale saltzaileek ere. Egileen eskubideak defendatu bai, baina ez edozein modutan, edozein preziotan.