Max Factor(owitz)

Max Factor
Factor bera makilaje lanetan
Los Angeles (AEB) 1909. Max Factor kosmetiko enpresa ezaguna sortu zen. Baina Max Factor bera –hobeto esanda, Maximilian Factorowitz–, urte batzuk lehenago, 1877an, sortu zen Lodz-en (Polonia), garai hartan Errusiar Inperioaren baitan zegoen herrian. Aitak ezin zuen hamar seme-alaben hezkuntza ordaindu eta Maximilian dentista-botikari baten negozioan aprendiz sartu zen 8 urte zituela. Ikasi beharrekoak ikasita, Moskutik gertu zegoen herrixka batean denda ireki zuen eta makillajea, kremak, lurrinak eta ileordeak saltzen hasi zen. Errusiar nobleziak begiz jo zuen antzerki konpainia batentzat makillaje lanetan aritu zenean eta, urte gutxitan tsarraren sendiaren eta Errusiar Inperioko Operaren makillatzaile ofizial bihurtu zen.

Baina bertan lortutako ospea nahikoa ez eta 1904an Maximilianek AEBetara emigratu zuen, emaztea eta hiru seme-alabak hartuta. Ellis uhartera iristean 400 dolarretan neurtu zituzten sendiaren ondasun guztiak. Urte horretan bertan, Saint Louisen (Missouri) egindako Munduko Erakusketan, bere produktu kosmetikoak erakutsi zituen, Max Factor izen laburrago eta komertzialagoa erabiliz. Baina benetako jauzia 1908an eman zuen, Los Angelesera aldatu zenean, zinema industria hasiberriaren itzaletan negozio oparoa sortuko zuelakoan. Max Factor enpresa hurrengo urtean sortu zuen.

Ordura arte zinemako izarrak antzerkian erabilitako produktuekin makillatzen zituzten. Baina produktu horiek ez ziren egokiak industria berrian. Max Factorrek makillaje-barra kremaz ordezkatu zuen 1914an. Geruza meheagoak jartzea ahalbidetzen zuen, eta emaitza ez zen zartatzen. Laster Hollywoodeko izar guztiek Maxen produktuak erabili eta haren eskuetatik pasa nahi zuten. 20ko hamarkadan Max Factor kosmetikoak publiko zabalari eskaini zizkion, erabiltzen zituztenek zine izarren itxura izango zutela salduz. Berak behintzat bere izarra lortu zuen Hollywoodeko ospearen bulebarrean. Ingelesezko make-up adiera asmatu zuen gizona 1938ko abuztuan hil zen.

Hooray For Hollywood abesti klasikoak dioen moduan: “To be an actor / See Mister Factor / He'll make your pucker look good!”.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude