Joan den asteak argazki erreal bat utzi du: lan-istripuen eta arduradun politikoen hipokresiaren ondorio diren langileen heriotzarena. Aste horretan Bilboko eraikuntza sektorean bi hildako izan ziren, horietako bat Udalaren obra publiko batean. Gainera, jakin zen amiantoak ez duela soilik altzairuaren, siderurgiaren eta automozioaren enpresetan hiltzen, baita arrantza instalazio eta itsasontzietan ere. Ondarroako hamar arrantzale baino gehiago biriketako minbiziaz hil da, ontziak eraikitzeko erabiltzen den amiantoaren biktima. Beste industria sektoreetako euskal langile askok aurre hartu zien bidaia hilgarri horri, eta beste asko, modu itzulezinean gainera, zoritxarrez hiltzen joango dira, milaka baitira produktu asasino horrekin lan egin dutenak, ondorioak zein diren jakin gabe. Amiantoaz gain, eta produkzio aktibitatea krisiaren ondorioz gutxitu egin den arren, jadanik 80 langile hil dira istripuz Euskal Herrian.
Bitartean, politikoek –atentatuen aurrean, edo pintada batzuengatik, edo euren egoitzei eta sindikatuenei egindako erasoengatik segituan mobilizatzen diren horiek– beste aldera begiratzen dute amiantoaren edo lan-istripuen biktima izan diren langileen heriotzaz ari garenean. Ez dute inoiz kontzentraziorik deitu. Jarrera hipokrita horren azkeneko adibidea joan den astean eskaini du Bilboko Udalak. EAJ, EB, PP eta PSEren botoekin, ezker abertzaleak lan-istripuez planteaturiko mozioari betoa jarri zioten. Ez zuten konprometitu nahi izan Bilbon hildako langileei elkartasuna adierazteko, istripuak argitzeko, bide judizialera jotzen bada akusazio partikular bezala aurkezteko, edota lan-prekarietatearen kontra 15 minutuko kontzentrazioa deitzeko orduan. Hori da errealitate soziala eta hori hipokresia politikoa.