Itzalpeko musikariak, industriaren zutabe

  • Nork konposatu du ikusi berri dudan iragarkiaren doinu gogaikarria? Nork jo du baxua bakarlari ospetsu horren azken diskoan? Eta haren kontzertuetan, nor da bateria-jotzailea? Prentsan izarren izenik baizik ez da ageri.
Itzalpeko musikariak
Gitarra-jotzailea bakarkako lanean Urdulizko (Bizkaia) Tío Pete estudioan. Jarduneko musikari batek 250 euro kobratu ditzake honelako lan-saio batengatik.Iñigo Azkona
Ez dira ospetsuak, baina beste batzuen ospeak haiengan du ezinbesteko sostengua. Jarduneko musikariak dira, musikari profesionalak, musikari izengabeak... Modu asko dago beraien lana izendatzeko, baina bakar batek ere ez du kolektibo osoa behar bezala definitzeko balio.

Pedro Hoyuelos teklatu-jotzaile sopeloztarrak hogei urte darama iberiar kantari ospetsuekin batera oholtzara igotzen. Alejandro Sanz, Luz Casal, Azúcar Moreno... Gaur egun David Bisbalekin dabil hara-hona. Hit zerrenda ofizialetako ohiko biztanleak denak, gaztelaniaz hitz egiten den herrialdeetan behinik behin. Sona handiko artista horiek ez dute izaten talde finko bat atzean. Itzalpean dabiltzan musikari profesionalek jotzen dute haien ahotsei laguntzen dien doinua, gehienetan zuzendari musikalak kontratatuta. Izan ere, maiz ez dira talde bera izaten diskoa grabatu duena eta gero oholtzara igotzen dena. Hoyuelos bera, esaterako, Bisbalen kontzertuetako teklatu-jotzailea da, baina ez diskoetakoa. Horregatik dio bera ez dela jarduneko musikaria, izendapen hori estudioan dabiltzanentzat baino ez delako.

Txarlie Solano leioaztarraren ustez, berriz, jarduneko musikari terminoaren esangura zabalagoa da: “Esango nuke izendapena ezar dakiokeela edozein musikari profesionali, lan-saio baterako deitzen diozuna, dela estudioan dela zuzenean, lan hori egiteagatik kobratu egiten duena eta gero bere etxera doana”. Solanok urte mordoa darama hainbat artista ezagunekin baxua jotzen, zuzenean nahiz estudioko grabazioetan, eta dioenez gremioko gehienak dabiltza hala, denetik egiten. Gutxi dira Pedro Hoyuelos bezala zuzenean baizik ez dabiltzanak, eta are gutxiago, ia salbuespena, estudioa besterik zapaltzen ez dutenak. Bira batera joan eta hilabete eta erdi etxetik kanpo eman nahi ez dutenak izaten dira, azken horiek. Eta behin etxea aipatuta, gaineratu dezagun Hoyuelos Toledon bizi dela, eta Solano Madrilen. Fronteko lehen lerroan errazago aurkitzen da lana.

Ondo ordaindutako lana, baina...

Ohikoena, errepikatu egingo dugu, denetik egitea izaten da, zaila izaten baita bestela urteko balantzea orekatzea. Lan saio bakoitzeko diru kopuru polita ordaintzen bada ere, ofizio honetan dabiltzanek ez dute nahi bezain sarri edukitzen zerbait poltsikoratzeko aukera, eta zenbaitzuetan euren sosetik gastatu beharra eragiten die, gainera, lan egiteak. Atera dezagun kalkulagailua.

600 euro inguru kontzertu bakoitzeko. Oso urrun joan behar ez badute, alegia, Espainiako Estatutik irten gabe, hori izaten da tarifa gutxi gorabehera. “Amerikara goazenean desberdina da, bira osorako prezio bat adosten da”, dio Pedro Hoyuelosek, “zeren, berdin gerta daiteke hara joan eta astebetean arnasa hartzeko ere astirik ez izatea, edo lau egunez lanik ez edukitzea. Halakoetan entseatu ere ez da egiten: bira hasi aurretik entseatzen da beti, eta zuzenean jotzea, berez, bada nahikoa entsegu. Baina merkeagoa da lau egun horietarako hotela ordaintzea musikari guztiak etxera bueltan ekartzea eta gero berriz hara itzuli behar izatea baino; noski, guretzat gastua da han egotea. Hotela ordainduta daukagu, baina gainerakoa ez”. Musikariak autonomoak dira, baina orain urte batzuk Espainian ezarritako legediaren arabera, enpresa kontratatzailea behartuta dago zuzenean jotzen duten egunetan gizarte-segurantzan haiei alta ematera. Bira aurretik egiten diren proba-saioengatik, berriz, ez diete ezer ordaintzen entsegura joateko dieta ez bada, Txarlie Solanok adierazi digunez.

Solanok berak eman digu grabazio saioetako diru-kontuen berri. Hemen ere gauza bera: ondo ordaindua, baina gutxitan. “Kantu bateko baxua grabatzeagatik, esaterako, 250 euro jaso ditzaket nik. Gehienez ordu bi hartuko dit lan horrek, agian ordu erdian ere amaitu dezaket”. Hori da, gutxi gorabehera, ekoizpen handietako prezio estandarra, baina gero eta ekoizpen handi gutxiago egiten da, eta jarduneko musikariak, hainbeste ez diren arren, mordotxo bat dira banatzeko dagoen lan apurretarako. “Disko oso bat grabatuta, estudioan lau egun emanda, 2.500 euro garbi atera daitezke”, dio Solanok, “oso ondo ordainduta dago, baina halako zenbat egiten ditu musikari bakoitzak urte batean?”. Gainera, artista batekin jotzeak gaur ez dizu ziurtatzen bihar ere zuri deituko dizunik. Dena den, harremana ona bada eta zuzendari musikala gustura badago, ohitura dago musikari berberekin aritzeko beti. Solanoren ustez, artista gehienek maite dute horrek ematen duen egonkortasuna.

Baina jotze hutsa ez da nahikoa izaten, lan honekin bizi nahi bada. Gurekin berba egin duten musikari biek, eta haiek bezala gremio osoak, bestelako lanak ere egiten dituzte patrika gizentzeko. Moldaketak, ekoizpenak, konposizio txikiak... Publizitate mundua izengabeko musikariz hornitzen da iragarkietako doinuak sortzeko. “Segundo batzuk irauten duen hori sortzeko asteak behar izaten dira”, dio Pedro Hoyuelosek. Eta ez da publizitatea bakarrik: edozein motatako bideoek, aurkezpenek, kanpainek... propio sortutako musikatxoa izaten dute, eta norbaitek konposatu eta jo behar du.

Musikari askok estudio txikia daukate etxean, eta han egiten dituzte hainbat lan. “Ekoizpen handiak murriztuz doaz”, dio Txarlie Solanok, “baina gero eta ekoizpen gehiago egiten da; teknologiak ahalbidetu du hori”. Edozelan, banatzeko dagoen pastela txikiagoa da. Pedro Hoyuelosek dioenez, gehienetan diru gutxi inbertitzen da diskoetan, badakitelako saldu ere, gutxi salduko dutela. Txarlie Solanok bere lehen diskoa grabatu zuenean, 1992an, hasita zegoen 80ko hamarkadako boom-aren gainbehera, eta harrezkeroztik, olatuak ez dio behin ere jaisteari utzi. “Denok igartzen dugu inbertsioa murriztu dela, beharbada ordukoa gehiegizkoa zelako. Orain dela hogei urteko katxe berarekin dabiltza batzuk. Nik neuk berdin kobratu ditut grabatu dudan azken diskoa eta 1992ko lehenbiziko hura”.

Ez da oraingo egoera bakarrik, askoz lehenagotik dator musikaren krisia Pedro Hoyuelosen ustez. “Kontzertu gutxiago dago, lan gutxiago... Nire iritziz, gaur egungo musikak ez dauka hainbesteko eskaintzeko, oso ekarpen interesgarri gutxi egiten da. Egia da krisia ekonomikoa ere badela, eta disko salmentan igartzen dela hori, baina disko horietako asko tiraderan leudeke hobeto”. Hoyuelosek musika klasikoa du gustuko, eta Solanok, nola esan... grabatu dituen azken diskoak ez dira etxean entzuten dituenak. Pozik bizi dira biak hala ere, industriaren zutabe den musikari ejertzito txiki horretako kide izaten. Ezeren gainetik, jo egin nahi du jotzaileak.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude