Eztabaida polita sortu da sustatu.com-en. Asier Sarasuak twitterren egindako hausnarketari lotuta iritzi zaparrada izan da. Laburrean hauxe gaia: Go!azen film eta telebista saioa haur/gazteak euskarara erakartzeko baliagarria al da? Ez al dugu kontuan hartu behar produktuaren maila artistikoa, alegia, kalitatea? Iritzi zaparradan batek baino gehiagok nabarmendu du euskarazko kantu mitikoen bertsio “kutreak” egin izana. Komentario horien pare bat zati ekarri ditugu hona.
Asier Sarasua:
- Behingoz, euskal umeak, euskal produktu batera engantxatu dira, eta hori, herri honetan, konkista txiki bat da.
- Go!azen izango da euskal pelikularik arrakastatsuenetarikoa. Hori ere ez da gutxi.
- Garbizaletasuna ondo dago, baina umeei Hanna Montana eta High Scholl Musical gustatzen zaizkie, eta horrelako produktuak behar dituzte.
- Lehenago ere badaude euskarazko produktu arrakastatsuak (Betizu, Pirritx eta Porrotx, eta abar), baina ez dira produktu “errealak”. Go!azen “egunerokoagoa” da (pailazo eta behi berritsu batzuk baino gehiago, behintzat). Go!azenen ikusten da, euskarak balio duela, bai ziriak sartzeko, bai zirriak egiteko, bai maitemintzeko, bai hasarretzeko, bai juergarako... Bizitzeko, alegia.
- Ondorioz. Bai, Go!azen oso produktu ona iruditzen zait ume eta gaztetxoen artean euskararen erabilera sustatzeko. Eskoletan egin daitezkeen kanpainak, irakaslearen hitzaldiak, Ukan birusak eta abarrak baino askoz gehiago, behinipein.
Sustatun Manexek erantzun dio Sarasuari: “Ez nago ados euskararen normalkuntza alde batetik eta produktuen maila artistikoa beste alde batetik guztiz bereiztearekin. Bi aspektuak lotuta daude zerbait berria proposatzen, sortzen dugunean. Eta zer nahi duzue esatea, gaur egungo gaztetxoak Go!azen bezalako zerbaiten forofo bihurtzen badira, ba deseroso sentitzen naiz. Ez zaidalako Go!azen gustatzen (nahi baduzue, ez zaidalako Go!azen-en maila artistikoa gustatzen), eta ez zaizkidalako Go!azen-ek komunikatzen dituen bizitza-estilo, mezu eta jokaerak gustatzen.