Mahai-inguruan jende asko bildu zen. Hasi Andoni Cendoya ITPko Zamudioko enpresako Baliabideen zuzendaritik eta Jirí Nekvapil Pragako Charles Universityko irakasle eta ikerlariraino (ikus aurreko orriko argazkia). Puntua Antton Aranburu moderatzaileak jarri zuen: Zein balio komertzial du euskarak?
Hara entzunen puzzlea:
- Igor Calzada (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Koordinazio zuzendaria): Enpresa barruan ari gara lantzen balio hori, baina kanpora ez. IKEAk suedierarekin egiten duena adibidez, ez dugu egiten. Tokion Ternua marka ikusi nuen eta dardara eragin zidan.
- Mikel Irizar (Kutxako Hizkuntza Plangintzaren arduraduna): Ez gara euskarari buruz ari, eleaniztasunaz baizik.
- Andoni Cendoya (Zamudioko ITPko Giza Baliabideen zuzendaria): Kanpora begira euskarak ez du balio komertzialik, txinerak eta bestelako hizkuntzek bai. Euskarak balio erantsia du bertako bezeroarentzat eta enpresako langileentzat. Nik hala uste dut, baina nire lankideek? Zamudioko ITPn %10 da euskalduna.
- Mikel Irizar: Uste dugu balio erantsia dela gaztelaniaz egitea eta euskara ezkutatzea. Sukaldari euskaldunek ez dute euskaldunak direla ezkutatzen. Kutxak liburu bat argitaratu eta bezeroen artean banatu behar zuen. Lau hizkuntzetan (euskara, katalana, galegoa eta gaztelania) egin genuen. Urte batzuk lehenago bestela egingo genuen, bata gaztelaniaz Madrila bidaltzeko eta besteak elebitan.
- Miquel Strubell (Linguamon Eleaniztasunaren Katedra): Suitzan batez besteko soldata ikertu zuten langileek zekizkiten hizkuntza kopuruaren arabera. Elebidunek elebakarrek baino soldata hobea zuten, hirueledunek elebidunek baino hobea, laueledunek hirueledunek baino hobea... Katalanarekin tankerako zerbait gertatzen da, ahoz eta idatziz zenbat eta gehiago menperatu orduan eta soldata hobea.
- Xabier Erize (Nafarroako Kutxako Berrikuntza eta Estrategiaren Garapena): Balio monetarioa tangiblea da eta badira beste balio asko intangibleak direnak. Gure erronka da balio horiek ikustaraztea. Adibidez, enpresaren literaturan hizkuntza kokatu behar dugu, intangiblea tangible bihurtu behar dugu.